Ordiziako erreka egunean parte hartzeko izen emate epea zabalik
Ordiziako Agenda 21ren barruan lehenengo aldiz erreka eguna antolatu du udalak. Aurreko urteetan Ordiziako gaztetxeak ere antolatu izan du ekimen hau. Larunbatean 10:00etan izango da eta parte hartu nahi duenak “Cibeles” bezala ezagutzen den ingurura gerturatu beharko du. Garbiketa lana 12:00etarako amaituta egongo da. Garbiketarako beharrezko eskularruak eta zabor poltsak udalak emango ditu.
Oria ibaiaren zonalde bat garbituko da auzolanean, Urdaneta kalean. Ekimen honen helburu nagusia ibaiaren inguruan kontzientziazio berezi bat sortzea da, ekosistema bezala duen garrantziaz jabetzea eta zaintzen ikastea alegia, hondakinak biltzeaz gain.
Erreka garbiketan parte hartzen duten guztiei asegurua egingo zaie. Asegurua egiteko auzolanean parte hartu nahi duten guztien izen abizenak, jaioteguna eta baldin badaukate NAN/DNI zenbakia behar dira. Irailaren 30a baino lehen rosa@laiacoop.net eposta bidali beharko dira datuak edota 943 164 172 edo 653 013 702 telefono zenbakietara deituta.