Ostegunero 10:00etan elkartuko dira ibiltariak Gernika pasealekuko pilotalekuan.Ongizate fisikoaz gain, gizarte kohesioa ere lortu nahi da. Saldarekin amaituko dute ibilaldia.
Osasuna zaindu eta harremanak estutzeko helburuarekin, bihar hasiko du ikasturte berria
Ondo ibili ondo izan Beasaingo Ibilbide Osasungarrien egitasmoak. Ostegunero, 10:00etan, Gernika pasealekuko pilotalekuan dute hitzordua ariketa fisikoa, oinez, lagun artean egin nahi duten beasaindarrek.
Urtetik urtera gero eta parte hartzaile gehiago ditu
Ondo ibili, ondo izan jarduerak; iaz 60 bat elkartzen ziren astean behineko hitzordura. Udalak, Beasaingo Osasun Zentroak eta Goierriko eta Tolosaldeko Osasun Publikoak bideratu, eta Asmube, Aranealde, Aita Meni eta Nagusilan elkarteetako boluntarioek parte hartzen dute egitasmoan.
Harremanak sortu eta estutu
Justo Mujika Beasaingo Osasun zentroko kideak gogoratu duenez, «aktibo mantentzeko eta ahalik eta osasuntsuen egoteko oso garrantzitsua da ariketa fisikoa egitea». Baina Ondo ibili, ondo izan egitasmoak badu beste helburu garrantzitsu bat: beste pertsona batzuekin harremanak izatea eta herrian integratzea. Izan ere, Mujikak gaineratu duenez, «kalean egunero jendea ikusten bada ere, oraindik asko eta asko dira etxean irten gabe geratzen direnak arrazoi ezberdinengatik».
Tomas Plazaola Tolosa-Goierri eskualdeetako osasun saileko ordezkariak Beasainen eta inguruko herrietan sortu diren Ondo ibili ondo izan bezalako egitasmoak «kohesio sozialerako» oso garrantzitsuak direla ohartarazi du, «harremanak sendotzeko oso aberasgarriak dira». Ibilaldiaren amaieran hartzen duten salda beroak horretan laguntzen duela zehaztu du.
Lazkaoren kasuan, San Benito ikastolako 16 urteko ikasleek parte hartuko dute Lazkaoko Pausoka egitasmoan. Era horretan, Beasaingo ikastetxeei dei egin diete esperientzia horretan parte hartzeko.
Kiroldegian aholkularitza
Kirolak edo jarduera fisikoak osasunean onurak dituelako, Beasaingo Osasun Zentroak eta Antzizar kiroldegiak berriz ere martxan jarriko dute aholkularitza zerbitzua. Osasun etxetik ariketa fisiko egiteko gomendioa emango diete gaixoei, eta kiroldegian teknikaria gaixo horiek laguntzeko prest egongo dira.