Lazkaon gaur aurkeztuko dituzte lau buruhandi berri
Lazkaoko herrian lau buruhandi gehiago ibiliko dira, aurrerantzean. Herriko buruhandi konpartsa indartze ahaleginean ari dira herritar batzuk, eta udalak lau irudi gehiago egin ditu. Gaur 19:00etan egingo dute aurkezpena, plazako oholtza txikian. Ondoren, Antzar Gazteak taldeko txistulariekin batera ibiliko dira, kalejiran.
Buruhandi berriak antzara, Lazkao Txiki, astoa eta lamia dira. Lazkaorekin zerikusi zuzena dute lehen hiru figurek: lazkaotarrei antzarak deitzen zaie, Lazkao Txiki bertsolaria hangoa zen, eta Astotxo Egunean animalia hori goratzen dute.
Buruhandiekin lotuta, ez da ekimen bakarra izango. Bihar, San Migel eguna, 19:00etan irtengo dira berriro, plazara. Ostiralean, berriz, kultur etxean buruhandi-karetak egiteko tailerra izango da, haurrentzat, 17:00etan. Urriaren 3tik 14ra, azkenik, buruhandien erakusketa egongo da kultur etxeko aretoan. Lazkaokoez gain, beste herri batzuetakoak ere jarriko dituzte.