Lazkaon bihar ospatuko dute jai herrikoia. Gaintzan eta Altzagan bihartik igandera dira urteko festa nagusiak. Urtsuaran auzoan ere hiru eguneko egitaraua prestatu dute, etzitik

Goierriko lau herri edo auzotan San Migel jaiak ospatuko dituzte, gaurtik igandera. Ormaiztegin aurreko larunbatean egin zuten festa. Lazkaon gaur hasiko da giroa. Zaindariaren eguna bihar izango dute toki gehienetan, eta ekitaldi sorta mardulena astebururako utzi dute herri txikienetan.
Lazkaon, lau buruhandi berri egin dituzte, herriko konpartsarako. Horiek aurkeztuta hasiko da San Migel jai herrikoiaren egitaraua, gaur 19:00etan, plazako oholtza txikian. «Buruhandi berriak antzara, Lazkao Txiki, astoa eta lamia dira. Haurrentzat sorpresa izango da», aurreratu du udalaren Kultura Sailak.
Jubilatuek ere urteko eguna bihar ospatuko dute, Lazkaon. 12:00etan meza entzun, eta Orobione elkarteko bazkide direnek bazkaria egingo dute, Olaberriko Arrieta jatetxean. Sari banaketa eta Zuzenean taldearekin dantzaldia izango dute, jarraian, jatetxean bertan.
Lazkaon jai eguna bihar

Lazkaon jai eguna izango da bihar. Ikastolan eskolarik ez dute haurrek. Udal zerbitzuak ere ez dira ohiko ordutegian ariko. Udaletxeko bulegoak 13:00ak arte egongo dira zabalik. Barandiaran kiroldegia 13:30ean itxiko dute (arratsaldean Ordiziako Majori erabili ahalko dute bazkideek), eta liburutegiak ez du zerbitzurik emango bihar.
Lapke elkarteak antolatutako San Migel pilota txapelketa ere bihar bukatuko da, Lazkaoko plazako frontoian. Irailaren 20an hasi zen, eta eskolaumeentzat da. Finalak 11:00etan dira.
Goiz eta arratsalde, haurrentzat puzgarriak, jolasak eta tailerrak ere izango dira.
Mondeju zuriaren garaia

Udazkenaren etorrerarekin, Goierriko harakinak hasi dira hestebeteak egiten. Gaintzan, Aralar barrenean horren ezagunak diren mondeju zuriak jateko aukera paregabea izango da, festen aitzakian. Igande arratsean banatuko dituzte mondejuak, ardoarekin lagunduta.
Altzagan ere, jaki eta edari partiketa arrakastatsua egin ohi dute, San Migel festen azken egunean. Sagardoa, txistorra eta gazta dastatu ahalko da, igande iluntzean.
Jaiak ospatuko dituzte Urtsuaran auzoan ere, Idiazabalen. Etzi hasiko dira jaiak. Han ere ardikia jatea dute ohitura,
samigeletan. Ostiraleko herri afaria mondeju beltzekin, ardi haragi gixatuarekin eta ardi txuletekin hornitua izango da.
Nola Gaintzan, hala Altzagan eta Urtsuaranen, erromeriak, bertsolariak eta trikitilariak eguneroko ogia izango dira, jaien alaigarri. Eta profesionalen herri kirolak, herritarren gozagarri. Gaintzako Txirrindulari Igoerak 33. ekitaldia izango du, igande eguerdian. Patata-tortilla, frontenis eta play-back kantu lehiaketak ere egingo dituzte Altzagan eta Gaintzan.