Lurraren jantzi ikusgarrien egilea
Lurra taldeko dantzariek zaldiko jantziak estreinatu zituzten Urretxuko jaietan. Herritarrei ikusgarriak iruditu zitzaizkien, baina dantza taldeentzat lan egiten duten jostunak ez dira desfilearen ondoren ikusleen txaloak jasotzera irteten eta jantzien
Lurra taldeko dantzariek zaldiko jantziak estreinatu zituzten Urretxuko jaietan. Herritarrei ikusgarriak iruditu zitzaizkien, baina dantza taldeentzat lan egiten duten jostunak ez dira desfilearen ondoren ikusleen txaloak jasotzera irteten eta jantzien egilea nor den jakin gabe gelditu ziren. Egilea Mari Carmen Heras zumarragarra da. Jostun honek ia 30 urte daramatza Lurrakoentzat lanean.
Herasek joste akademia bat eduki zuen eta ondoren jantzigintza tailerretan eskolak eman zituen. Tailer haiek ateak itxi zituzten enpresa handiek lana Asiara eraman zutenean eta jantzigintza enpresa batean tailerreko buru izatea eskaini zioten. Familiaren beharrak zirela eta, ezin zuen herritik kanpo lan egin eta metalgintzako tailer batean lan egiten hasi zen.
Ez dio sekula josteari utzi, ordea. Akademia itxi zuenean herriko emakumeentzat arropa egiteari utzi zion, baina Lurrarentzat lan egiten jarraitu zuen. Ia 30 urte daramatza dagoeneko beraientzat lanean. «Aurrekontu baten eske etorri ziren eta ordutik ez diote beraientzat lan egiteari utzi. Beraien jantzien %90 nik egin dut».
Dantzarientzat lan egitea asko gustatzen zaio. «Artisau lana da eta esker onekoa. Izan ere, beti material onekin lan egiten dugu eta jantziak ikusgarriak dira. Hori dela eta, nahiz eta lan estra bat den, sekula ez diot beraientzat lan egiteari utzi».
Ez da lan erraza. «Batzuetan informazio gutxi dugu. Argazkietan eta bideoetan oinarritu behar gara lana egiteko. Zorionez, jantzi asko egin behar ditudanean, lagun batek laguntzen dit: Ana Martinezek», aipatu du Zumarragako jostunak.
Zaldikoen jantziak egiteko ere bere laguntza izan du. «Lurra taldearen lehen zaldikoak dira. 16 jantzi egin ditugu. Oso lan neketsua izan da. Puntillak eta kotoizko oihalak erabili ditugu», azaldu du.
Emaitzarekin gustura
Ahaleginak merezi izan du. «Saria dantzariak jantzi berriekin dantzan hasten direnean jasotzen dugu. Oso polita da dantzariak norberak egindako jantziekin dantza egiten ikustea», aipatu du.
Lurra taldeko kideak ere oso gustura daude. «Oso bereziak diren jantziak federazioaren bitartez egiten ditugu, baina gehienak gure jostunak egiten dizkigu. Bere lanarekin oso gustura gaude. Urretxuko jaietarako dantza alai bat egin nahi genuen eta lortu dugu. Jantziak oso politak eta koloretsuak dira», esan du Urretxuko Lurra dantza taldeko Juanlu Elgarrestak.