'Jentilen Baratza' deialdia haurrentzat eta gazteentzat da. Ipuinak urriaren 31rako jasoko dituzte. Marrazkigintza azaroaren 5ean da. Mitologia da gaia eta ardatza

San Martin Txiki eta Torto jentila, Aralarko ibilaldi magikoan. // Argazkia: Artelatz
Jentilbaratza kultur elkarteak II. Jentilen Baratza ipuin eta marrazki lehiaketak antolatu ditu. Mitologia «gai eta ardatza» harturik, haurrengan eta gazteengan marrazteko eta idazteko zaletasuna erne nahi dute.
Ipuin lehiaketan bi maila bereiziko dituzte: 12 urte arteko ataundarrentzat bat, eta DBH1 eta DBH2ko Goierriko ikasleentzat bestea. Euskaraz, jatorrizkoa eta gehienez hiru orrialdekoa izan behar du ipuinak, partaideko bana. Euskal mitologiari buruz izan behar dute.
Urriaren 31 da entregatzeko azken eguna. Sail bakoitzean hiru sari izango dira, 30 eurotik 80ra bitartekoak, Ataungo komertzioetan gastatzeko.
Marrazki lehiaketa LH1etik LH6ra arteko ataundarrentzat da. Azaroaren 5ean 12:00etan izango da, Barandiaran eskolan.
Webgune berria
Jentilbaratza kultur elkarteak, bestetik, Interneteko webgunea berritu du (
jentilenetorrera.eus). Diseinua aldatu dute, eta informazioa beste modu batera atalkatu dute. Elkarteak antolatzen dituen egitasmoak, agenda eta pertsonaia mitologikoei buruzko informazioa daude, argazkiekin hornituta. Jentilen Etorrerak eta Gau Ibilaldi Mitologikoak atal bereizi bana dute.