Ordiziako Barrena kultur etxean Patxi Epelde artistaren pintura eta eskultura erakusketa dago ikusgai urriaren 6ra arte, 17 urte eta gero.Nolatan sartu zinen margo eta eskulturen mundu honetan?Denok dugu alde kreatibo bat; denok margotzen dugu, denok m...
Ordiziako Barrena kultur etxean Patxi Epelde artistaren pintura eta eskultura erakusketa dago ikusgai urriaren 6ra arte, 17 urte eta gero.
Nolatan sartu zinen margo eta eskulturen mundu honetan?
Denok dugu alde kreatibo bat; denok margotzen dugu, denok marrazten dugu… umetan batez ere. Denok izan dugu zaletasun hori.Gertatzen dena da, bizitzan, denboraren poderioz, iristen dela momento bat esaten duzula «Niri hau gustatzen zait eta hortik jarraitu nahi dut!». Eta nik, hau, nire ofizio izatea erabaki nuen.
Erabaki erreza izan al zen?
Beste lan batzuk ere egin izan ditut, baina nere helburu nagusia margotzea eta eskulturak egitea izan da betidanik. Beste gauza batzuk baztertu behar izan ditut horretarako eta horrek ingurukoen onespena behar du. Baina egoskorkeriaz lortu dut eta pribilegiatua sentitzen naiz, irautea lortu baitut. Gaur egun ez dut nire burua beste gauza bat egiten ikusten.
Pintura klaseak ere ematen dituzu.
Bai, Ordiziako Barrena kultur etxean. Koadroak saltzen etorkizuna ziurtatzea zaila da. Oso gaztetan hasi nintzen pintura kla-seak ematen diru pixkat ateratzeko. Matematikak eta bes- telako asignaturak ere bai. Etxean ematen nituen klaseak.
Arteari dagokionez, Chillidak esan zuen bezala, «artea ez dago erakusterik». Nire intentzioa klaseak ematea baino, bertara norbera etorri, eta bakoitzak nahi duena egitea da. Hartu emana da gehiago.
Nola definitzen duzu zure estiloa eta zein izan da horren garapena?
Estiloak ez dit sekula kezkatu. Denetik egin dut, enkarguz ere lan dexente egiten baitut. Enkargu bat ez bada, gorputzak eskatzen didana egiten dut, teknika diferentez baliatuz. Hori bai, jendeak esan ohi dit nire lanek badutela estilo bat, hau da, nireak direla antzematen dela.
Abstraktoan murgildu naiz, hor sentitzen naiz erosoen. Baina paisaiak, erretratuak eta bestelakoak ere egin izan ditut. Nik nirea egiten dut eta,ondoren nire lana ikusten duenak, atera ditzala bere ondorioak. Bakoitzak ea zer ikusten duen nik egindako hortan. Nire helburua ez da estiloa.
Komunikatzeko bide bezala erabiltzen al duzu zure lana? Zer lortu nahi duzu?
Galdera hori egiten didateneaneti gauza bera erantzuten dut: nire lanak ez du esanahirik.
Nik ez dut zerbait esan nahi, nire momentuko sentipenak, emozioak atera baizik. Beti diot, inspirazioa herraminta eskuan duzula iritsi behar den zerbait dela eta orduan atera behar dela.
Beraz, zer esan nahi dudan? Ba ez dakit, esan dezatela ikus-leek. Noski zerbait egon egongo dela, bizipenak, traiektoria, sentipenak, politika, erlijioa….baina ez da konzienteki ateratzen zaidan zerbait.
Nire koadroek ez dute irudi definitu bat. Parean jarri eta barruan zerbait mugituko dizute, Azkeneko erakusketa honetan ditudan lanek ez dute paisaia errealista bat edo erretrato bat.
Egun martxan dagoen erakusketari dagokionez, zer ikusi daiteke?
Ordiziako Barrena kultur etxean egongo da jarrita urriaren 6ra arte. Espazio honetara moldatutako erakusketa da. 20 bat koadro eta 15 bat eskultura daude eta euren artean konposizio bat osatzen dute.
Barrenan azkeneko erakusketa egin nuela 17 urte izango dira. Baneukan berriz ere bertan zerbait egiteko gogoa. Bi erakusketak konparatzen baditut, oso diferenteak dira; koloreak, estiloa… Oso gustura nago lortutako emaitzarekin eta jendea epel ez uztea espero dut.
Zer izan zen lehenengo, pintura ala eskultura?
Pintatzen hasi nintzen. Eskultura ondoren etorri zen. Gure aita zena arotza zen eta beti jartzen gintuen lijatzen eta egurra lantzen. Beti gustatu izan zait. Fisikoki beste osotasun bat eskaintzen du eskulturak. Hiru dimentsioetan bueltak ematen dituzu, aurretik, atzetik… Aurretik esan bezala, koadroekin dantza egiten dut, eskulturekin hare gehiago.
Zure obra kuttunetako bat zein da?
CAF enpresaren sarreratik gertu jarritako lan bat da berezienetakoa niretzat; amiantoaren biktimei eskainitako lana da, oso lan berezia niretzat. Eskaera bat izan zen. Lotura handia zuen ‘Arbolaren babesarekin’, nire eskultura egiteko moduarekin. Banuen, gainera, omenaldi horrentzat burnizko pieza aproposa. Gainera ,toki publikoan jartzeko zen, handik pasatzen den edonork ikusteko. Erabat pozik gelditu nintzen emaitzarekin.
Oraingo erakusketa dela eta, jendearengandik zein erantzun espero duzu?
Espero espero… ezer ere ez! Galderari buelta emango nioke. Eta jendeak zer espero du nigandik? Baina zerbait esateagatik, kritikak espero ditut, positiboak nahiz negatiboak. Axolagabekeria, jendearengan ezer ez sortzea litzateke okerrena.