Aisihezik berretsi du, Beasaingo udal ludoteken eta gaztelekuaren zerbitzuak "irekiak" izan behar dutela
Azken sei urteetan Beasaingo udal ludotekak eta gaztelekuak kudeatu dituen Aisihezi aisialdi elkarteak, Beasaingo udal ludoteka eta gazteleku zerbitzuaren aldeko festa” egin du gaur arratsaldean Loinazko San Martin azpian. Hainbat ekintzen artean, prentsa agerraldia egin dute Aisiheziko zazpi langileek, ludoteka eta gaztelekuko zerbitzuen hainbat erabiltzailerekin (gurasoak eta haurrak) batera.
Aisihezikoek argitu dutenez, “ekainaren 30ean udalarekin genuen kontratua legez amaitu egin zen. Euskararen erabilera aregoatzeko helburuarekin zerbitzuen plegu berri bat publikatu zen abuztuan. Plegu hauetan jakinarazten da Eizu gaztelekua etenda gelditu dela eta ludotekak euskara errefortzurako gune bilakatu nahi ditzutela”.
Eizu gaztelekuaren (12-17 urte bitartekoentzat) etetearen aurrean “kezka” azaldu nahi izan dute. “Urte hauetan euskara indartzea helburu izateaz gain, lanketa oso interesgarriak egin ditugu gazteekin. Nerabe askorentzat erreferentzia gunea izan da. Zein eskaintza hezitzaile egongo da adin tarte honetarako?”. Era horretan, “erabaki honekin adin tarte hau udal zerbitzurik gabe geldtitzen da eta helburu hauen lanketarako bitartekorik gabe, atzerapauso itzela Beasaingo herriarentzat”.
Ludoteka “irekiak”
Aisihezi elkartea ez zen ludoteken lehiaketara aurkeztu, “udaletik ezarritako baldintzak ez zutelako ekonomikoki ematen, eta inor aurkeztu ez zenez hutsik gelditu zen deialdia”. Aurreko astean “prentsaren bidez” jakin zuten ludotekak azaroak jarriko zirela martxan, “baldintza berriak jasotzen dituen pleguak zein irizipideekin aterako diren eta aipatzen den euskara errefortzua zertan geldituko den adosturik ez dagoen horretan”. Euskara errefortzuaren beharraren harira uste dute, “euskara errefortzuaren beharra nabaria” dela “herriko haur eta nerabeengan”, eta “guk zerbitzu hau beharrezkoa ikusten dugun arren, zerbitzu ireki baten barruan kokatzen dugu”.
Aisihezikoen ustez, “urte hauetan egindako “ibilbide hezitzaileak” erakutsi dietenaren arabera, haur, gazte eta nerabeentzako zerbitzuak “irekiak” izan behar dute. “Guztiek hauek erabiltzeko aukera berdintasuna dute, adin tarte horretako edozein neska-mutilek, behar bereziren bat duten haurrek, …. hau da, orokorrean nahi duenak erabiltzeko aukera izan beharko lukete”.
Hizkuntza menperatzen dutenentzat eta ez dutenentzat izan behar dutela uste dute: “Hizkuntza ikasteko modu egokiena, modu ludiko, dinamiko eta natural batean egitea da. Horretarako euskara hiztunen presentzia egotea ezinbestekoa da, haurrak hizkuntza normaltasunez bizi dezan. Hau nekez beteko dugu “erdaldunen” ghettoak sortzen baditugu”.
Era horretan, “zerbitzu guztien jarraikortasun bat” egotea beharrezkoa ikusten dute, “euskara indartzeko helburuaz gain haurren jarraipen zehatza egiteko”. Gaineratu dutenez, “zerbitzu hauek herrian izan duten ibilbidearengatik eta zerbitzu egonkortuak direla ikusi dugu urteko bazkide kopuruak eta asistentziak hala erakutsi digulako, bertan egindako lanak ere hala adierazi digulako”.
Azkenik, Beasaingo Udalari prentsaurrean aipatutakoak kontuan izatea eskatu diote. Eta horrekin batera, beste eskari bat ere egin diote udalari: “Zerbitzuetan lanean aritu diren langileen sugrogazioa eskatzen diogu prestatuak dituzten plegu berrietan txertatzeko”.