Osinalde bola txapelketa bihar jokatuko da, Gabirian
Gipuzkoako bola denboraldiko azkenetariko lehiaketa bihar jokatuko da, Gabirian, Alkainburu bolatokian. 23. Osinalde Bola Txapelketan 50etik gora bolari elkartuko dira.
Izena emateko ordutegia aldatu egin du Osinalde bolari talde antolatzaileak, aurten. 16:00etatik 17:00etara eman ahalko da, besteetakoa ordu erdi bat aurreratuta.
Sariak sailkapen nagusiko lehenengo bostek jasoko dituzte; irabazleak txapela, eta denek dirua eta opari bana. Aurreneko hiru gabiriarrek, bi emakumek eta bi gaztek ere badituzte sariak. Seikoa baino handiagoa botatzen duenak odolki sorta du, eta bi saski zotz egingo dituzte.