Ampo Ordiziak 51-14 mendean hartu du Bartzelona
Etxeko afizioa gustura uzteko moduko garaipena lortu zuen atzo Ampo Ordizia errugbi taldeak, Bartzelona 51-14 mendean hartuta. Taldeak “joko serioa eta antolatua” egin zuen, bai erasoan, bai defentsan. Emaitza ikusita kontrakoa badirudi ere, Bartzelona ere gogor lehiatu zen partida osoan zehar, nahiz eta etxekoak gehiago izan ziren. Sentsazio onak utzi zituen taldeak, joko azkarra eta eraginkorra duela erakutsiz.
Bigarren minutuan iritsi zen ordiziarren aurreneko entsegua, Puyadenaren eskutik. Beste sei entsegu ere egin zituzten etxekoek, erasoan erraztasun handia erakutsiz. Atsedenaldira 29-0ko partzialarekin joan ziren. Bigarren zatian ere bide beretik jarraitu zuten, eta 10 minuturen faltan, 51-0ekoa erakusten zuen markagailuak, etxekoen alde. 75.ean, Asier Korta kanporatu zuen epaileak, eta orduan etorri zen kataluniarren erreakzioa, bi entsegu eginez.
Bukaeran, 51-14 etxekoen alde. Ampo Ordiziak lehen garaipena lortu du Altamiran, eta zaleak gustura gelditu dira taldeak erakutsitako joko mailarekin. Ohorezko mailako sailkapenean, 4. postuan daude orain ordiziarrak, eta asteburuan, atsedena izango dute.