Etxezarreta paper fabrikaren balio arkitektonikoa aitortu du Docomomo erakundeak
Arkitektura eta eraikin modernisten balioa bultzatzen duen Docomomo elkarteak, Legorretako Etxezarreta paper fabrikaren balio arkitektonikoa aitortu du. Arkitekturaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, fabrika zaharreko bulegoetan plaka oroigarri bat jarri dute, eta ordu honetan, eraikinaren inguruko azalpenak ematen ari dira udaletxean.
Zelai Amenabarro alkatearekin batera, Judith Ubarretxena Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko presidenteak ere parte hartu du ekitaldian. Ubarretxenak azaldu duenez, “herrietan eta gizartean garrantzia bat izan duten eraikinen balioa aitortzea” da Docomomo erakundearen helburua. “Kasu honetan, herrialde bakoitzeko arkitekto elkargoek proposatzen ditugu eraikinak, eta Gipuzkoako elkargotik, Etxezarreta paper fabrikaren eraikina errekonozitu nahi izan dugu, nahiz eta egoera konplikatuan egon, ondarearen babes aldetik garrantzia handia duelako”.
Gipuzkoako eta Euskal Herriko herri askotan gertatzen den moduan, “kutsu modernista duten eraikin asko eta asko, garapen industrialaren garaian” sortu zirela azaldu du Ubarretxenak. “Kasu honetan adibidez, Fernando Redon arkitektoaren eraikin honek, balio arkitektoniko eta estetiko oso garrantzitsuak ditu eta Legorretako jendearen memoria irudikatzeko balio du”.
Erreka aldeko zatia, bulegoek eta labeek osatzen dutena, babestua dago eta egun, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da. Zelai Amenabarro alkatearen arabera, hainbat erakunde “elkarlanean” ari dira “proiektu honi bultzada bat eman eta proiektu bat martxan” jartzeko asmoz. Fabrika botatzeko baimena emana badago ere, udalak moratoria bat eskatu zuen. “Aldundiarekin, Jaurlaritzarekin eta Goiekirekin lanean ari gara, eskualde mailan ere garrantzitsua izan daitekeelako, enpresa inkubategia bezalako proiektuei garapen bat emateko balio izan dezakeelako”. Momentuz “dena airean” dagoela dio alkateak; “dirulaguntza bat ere eskatua dugu eta espero dugu 2017ko udaberrirako erantzunen bat izatea”. Gero, herritarrekin batera landuko lukete proiektua.
Kongresua Donostian
Docomomo Espainiar Estatu mailako erakundea da, eta arkitektura modernoa inbentariatu, dibulgatu eta babesteaz arduratzen da. 1997an eratu zuten, eta harrezkero, bi urtez behin kongresu bat egiten dute. Aurten IX.a izango da, eta Ubarretxenak iragarri duenez, Donostian egingo dute, azaroaren 16tik 18ra bitartean. Kongresu hori antolatzeko, EHko Arkitektoren Elkargo Ofizialaren, EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren, eta Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren laguntza izango dute. Kongresuaren gaia, Mugimendu modernoa: kultur ondarea eta gizartea izango da, eta Donostian ez ezik, Gipuzkoan ere zenbait ekitaldi egingo dituzte. Horietako bat izan da gaur, Etxezarreta paper fabrikan plaka jartzeko egin duten ekitaldia.