Salto: kirola egiten hasteko aitzakiarik ez
Unai Jorge (Zumarraga, 1991) eta Jurgi Fernandez (Zumarraga, 1991) dira Salto Home Personal Training enpresaren atzean dauden pertsonak. Pasa den apirilean jarri ...
Unai Jorge (Zumarraga, 1991) eta Jurgi Fernandez (Zumarraga, 1991) dira Salto Home Personal Training enpresaren atzean dauden pertsonak. Pasa den apirilean jarri zuten martxan enpresa berria, kirola testuinguru ezberdinetara eta pertsona bakoitzaren baldintzetara egokitzeko helburuarekin. Lehenengo urratsak emanda, orain euren izena ezagutzera ematen ari dira. Etorkizunari gogotsu begiratzen diote.
Biek hala biek Soin Hezkuntzako ikasketak egin dituzte, Jorgek Huescan eta Fernandezek Gasteizen. Ikasketak gauzatu bitartean kirolarekin lotuta arlo ezberdinetan egin dute lan ikastetxeetan, kiroldegietan zein enpresa pribatuetan. Behin ikasketak amaituta, Espainiako Olinpiar Batzordeak sustatutako Goi Errendimenduko masterra egin zuten elkarrekin Madrilen. «Master honek gure ikuspegia ireki zuen», azaldu du Fernandezek.
Plan pertsonalizatuak
Orduan hasi ziren Salto Home Personal Training martxan jartzeko ideiari gorputza ematen. «Alor honetan behar bat zegoen, ohikoena taldeentzako klaseak ematea baita», zehaztu du Jorgek. Saltok eskaintzen dituen zerbitzuak ohiko kirol jarduerek eskaintzen dituztenen aldean ezberdinak dira. Izan ere, pertsona bakoitzaren behar, gustu eta baldintzetara egokitutako entrenamenduak prestatzen dituzte. «Egun kirol jarduera gehienak taldeetan egiten dira, multzo heterogeneoetara zuzenduta daude, eta denei berdina ematen zaie», dio Fernandezek.
Pertsona bakoitzari egokitutako entrenamenduak eskaintzeaz gain, garrantzia handia ematen diote jarraipenari. «Hilabetean behin elkartzen gara pertsonarekin, hasieran jarritako helburuak betetzen ari diren edo ez ikusteko, eta behar den kasuetan entrenamendu taula aldatzeko», zehaztu du Jorgek.
Euren zerbitzuak adin tarte guztietako jendeari zuzenduta daude, «osasun arazoak dituztenei, ama izan berri direnei, errendimenduan hobetu nahi dutenei…», zehaztu dute. Denek dute lekua bertan. Euren bezeroen artean dituzte, adibidez, kirolariak, baina baita «dialisian dauden pertsonak, protesiren bat jarri eta gero errehabilitazioa behar izan dutenak…». Zerbitzuak bezeroaren etxean bertan, Urretxuko Mugitegin duten lokalean edo kalean ematen dituzte. Bakoitzari ondoen datorkion ingurunera egokituta. Gainera, nahi duenarentzat on-line zerbitzua ere eskaintzen dute.
Informazio gehiagorako saltotraining.es helbidea bisitatu. Harremanetarako 688 60 84 35 edo 688 60 85 09 telefonoetara dei daiteke.