Aldundiaren aurrekontuak aztertzeko saio irekiak Ordizian eta Urretxun
Gipuzkoako Foru Aldundik 2017ko aurrekontuak prestatzeko prozesua jarri du martxan, eta 16 herritan batzarrak egingo dituzte datozen aste eta hilabeteetan. Aurrekontu Irekiak egitasmoaren helburua, Aldundiaren baliabideak zertara bideratzen diren “gardentasunez” ezagutaraztea eta “bertatik bertara, proposamenak eta iradokizunak” jasotzea dela azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak. Urriaren 14ra bitartean egingo duten bilera sorta horretan, Gipuzkoako eskualde guztiak bisitatu nahi dituzte, eta Ordizian eta Urretxun izango dira, besteak beste. Goierriko bi saioak datozen asteetan izango badira ere, oraindik ez dituzte data zehatzak jakinarazi.
Foru Aldundiak 812 milioi euroko aurrekontua izango du 2017rako; horietatik 67,2 milioi euro gorde dituzte herritarren interesen araberako proiektuetan inbertitzeko. Lasaren arabera, prozesu honekin “herritarrak inplikatzea eta protagonista bihurtzea” lortu nahi dute, “politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluzazioan”. Behin bilera sorta hori eginda, Gobernu Kontseiluak urriaren 18an onartuko ditu aurrekontuaren kopuru nagusiak eta aurrekontu parte-hartzaileetatik jasotako proposamenak.