CCOO-k elkarretaratzea egin du Seguran atzoko lan istripua salatzeko
CCOO sindikatuko hainbat ordezkari Segurako udaletxe aurrean eta plazan elkartu dira Lan istripu gehiagorik ez leloa zuen pankartaren atzean. Atzo Seguran hil zen lan istripua salatu nahi izan dute.
Alfonso Rios Euskadiko CCOO sindikatuko Lan Osasunaren arduradunak adierazi duenez, “segurtasun neurri egokirik ez delako hartzen gertatzen dira horrelako istripuak. Enpresarien ardura da neurri horiek hartzea”. Horregatik enpresariei eskatzen diete, “beharrezko segurtasun neurriak har ditzatela, horrelako istripurik berriz ez gertatzeko”.
Osalani eta Lan Ikuskaritzari ere beste eskari bat luzatu die: “Egin behar dituzten ikerketak ahalik eta zehatzenak izatea, lehenbailehen jakin dezagun zein arazo izan den eta zein neurri falta izan den, eta beraien ardurak hartu ditzaten”.
CCOOk gogoratu duenez, 2016. urtean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 21 pertsona hil dira beraien lanpostuetan.