Asteburuan bosgarren kulturarteko azoka egin dute, Oripavi elkarteak antolatuta. Jatorri ezberdinetako herritarren arteko elkarbizitza sustatzea da jaiaren helburua

Legazpiko azokako arkupeak kultura ezberdinetako herritarren topaleku bilakatu ziren larunbatean. Oripavi elkarteak antolatuta, kulturarteko eguna ospatu zuten. Jaiaren bitartez, jatorri ezberdinetako legazpiarren arteko elkarbizitza posible dela erakustea eta bide hori jorratzea da kulturarteko egunaren helburua. Aurtengo festa egunaren leloa
Bizirik bizi, sa-reak zabalduz izan da. Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, jendearen gertutasunak ematen duen epeltasunarekin egin zioten aurre udazkeneko egun hotzari.
Oripavik egunaren balorazio positiboa egin du. Hala ere, datozen urteetarako jende gehiago animatzea espero du Ane Arrondo kideak. Puzgarrietan haur asko ibili zirela adierazi du, eta goizeko azokako postuetan ere giro polita izan zela.
‘Bizitakoak’ jarduera

Eguerdian,
Bizitakoak jarduera egin zuten. Kanpotik etorritako herritarrek zein kanpoan bizi izandakoek, haien esperientzia kontatu zuten. Besteak beste, saharar kanpamenduak, Hegoamerika, Mexiko, Txina, Palestina eta Kongo izan zituzten hizpide. Euskal Herrian zein harrera jaso izan duten ere azaldu zuten etorkinek, baita hemengo ohiturak nola ikusten dituzten ere. Hamasei bat lagunek parte hartu zuten. «Elkarrizketa baten modukoa izan zen, oso informala, eta giro goxoa sortu zen», esan du Arrondok.
Bazkalorduan, senegaldar talde batek prestatu zuen otordua eta 30-40 lagun bildu ziren jatera. Arratsaldean, berriz, Esperanza Latina taldekoek dantza ikuskizuna eskaini zuten.
Haurrek ere ederki pasa zuten larunbateko kulturarteko egunean. Arratsaldean, ikusmenarekin lotutako jolas kooperati-boak antolatu zituzten haientzat. Gero, bi gozo eltze jarri zituzten. Arrondoren hitzetan, haurrek «ederki» pasa zuten gozo eltzeei jo eta jo, gozoak lurrera erortzea lortu arte. «Bi urtetik hasi eta hamar urtera bitarteko haurrek parte hartu zuten; polita izan zen».