Zuhaizti jubilatuen elkarteak bizimodu aktiboaren alde egin du aurkeztu berri duen ikasturtean. Berrikuntzen artean, telefono mugikorrak erabiltzeko ikastaroa egingo dute
Abian da Ordiziako Zuhaizti gizarte zentroan 2016-2017 ikasturtea. Ordiziako Udalaren laguntzarekin, Zuhaiztik ikasturte berrirako ekintza ugari eskaintzen ditu jubilatuentzat
Aktibatu zaitez! egitasmoaren barruan. Egitasmo horrek geldi egon nahi ez duten jubilatuei bizimodu aktiboa eta partehartzailea eta harremanak lantzeko aukera ematen die. Aldi berean, jubilatuek osasuna eta ongizate pertsonala hobetu dezakete, denbora librea aprobetxatuz.
Aktibatu zaitez!
Zuhaizti zentroaren helburuetako bat parte hartzeko eta elkartzeko gune bat eskaintzea da. Parte hartze aktiboaren bitartez osasuna, ongizatea eta autonomia sendotzea bultzatu nahi ditu eta horrez gain, Ordiziako bizitzan jubilatuen eta pentsionisten parte hartze aktiboa eta berritzailea ere sustatzen du.
Aktibatu zaitez! jarrera pertsonala da eta bizitzako aro horretan dauden pertsonen interesak, ezaugarriak eta beharrak kontuan hartzen ditu. Programa horren helburu nagusia bizitzan jarrera aktiboa eta osasuntsua bultzatzea da. Hala, autonomia sustatzeko eta zahartzaroan ere gizartean aktiboki parte hartzeko ekintzak antolatzen dituzte.
Ekintza programa
Zuhaiztiko lehendakaria den Raquel Bravok
Aktibatu zaitez! «programa zabala, osatua eta anbizio handikoa» dela adierazi zuen gizarte zentroaren ate irekien egunean. Ikasturte berrirako egitaraua aurkezteko baliatu zuten ate irekien egun hori. Mota guztietako ekintzak jasotzen ditu programak: irteerak, paseoaldiak, xakea, bilarra, abesbatza, ikastaroak eta tailerrak (eskulanak, gimnasia, informatika, erlaxazioa, gizonentzako sukaldaritza…), baita belaunaldien arteko egitasmoak edota partaidetza eta lankidetza egitasmoak ere, tartean Goazen Ordizia edo Gizarte Ongizateko aholku batzordea.
Berrikuntzak ere badira, telefono mugikorrak edo smartphoneak erabiltzen ikasteko ikastaroak, besteak beste.
Ekintza eskaintzaren inguruan informazio gehiago nahi duenak Zuhaizti elkarteko telefonora, 943 88 92 88ra edo gizarte zerbitzuetako 943 80 56 10ra deitu dezake, izen emate epea oraindik zabalik baitago.