Aspanogik 25.000 euro jaso ditu, Lazkaoko elkartasun jaian bilduak
Lazkaon uztailaren 2an ospatu zen haur minbizidunen familien Aspanogi elkartearen aldeko festa. Erakunde, eragile eta enpresa askok lagundu zuten, langile, boluntario eta herritar andanarekin batera. Festan ateratako dirua gaur eman dio NerGroup enpresa taldeak Aspanogiri, Lazkaoko udaletxean egin duten ekitaldian. 25.289 euro jasoko ditu elkarteak, eta haur minbiziaren ikerketarako bideratuko du.
Ekitaldian izan dira Aspanogiko lehendakari Bittor Andonegi, festa ideiatu eta bultzatu zuten Joseba Arratibel eta Etor Mendia, NerGroupeko ordezkari Juanje Anduaga eta Lazkaoko alkate Felix Urkola. Lazkaoko herria eskertu dute, bereziki, festa antolatzen eta bertan parte hartzen erakutsi zuten prestasunagatik. NerGroupeko kide diren enpresetatik 55 langile aritu ziren lanean, bestetik, eta herriko elkarteek eta eragileek ere jarri zuten aletxoa.
Aspanogiren proiektuari laguntzeko ekimenak badu jarraipena. Kirol erronka bati heldu zioten uztailean, 2017an Roth-eko (Alemania) ironman proba entzutetsuan parte hartuko du lazkaotar batek, elkartearen izenean. Prestaketan ari dira orain: lehengo astean Donostiako Triatloia egin zuten bi kidek, eta igande honetan, urriak 9, Ordizian izango den Marino Lejarreta Klasikoan taldekako erlojupekoan aterako da txirrinduzale talde bat, Juanje Anduaga kotxetik laguntzaile eta “kirol zuzendari” dutela. 2017an ere triatloietan lehiatuko dira.
Aspanogik NerGroupen eskutik txekea jasotzeaz gain, festaren antolatzaileek enpresa elkargoari ere haren babesa eskertu dio, opari batekin. Uztailaren 2ko festan haurrek egindako marrazkiekin koadro handi bat eman diote Anduagari. NerGroupen egoitzan ipiniko duela agindu du.