Astelehenean Seguran baso lanean ari zela hil zen langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute
Segurako Goardi industriagunean elkartu dira gaur eguerdian ELA, LAB, ESK, STEILAS eta Hiru sindikatuetako kideak Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea leloa zeraman pankartaren atzean. Astelehenean baso lanean ari zela hil zen 39 urteko langilearen heriotza salatu nahi izan dute. Segurako Udalak ere bat egin du sindikatuen deialdiarekin.
Haizea Mendia LABeko kideak gogoratu duenez, aurten Euskal Herrian hildako 44. langilea astelehenekoa. “Ez da kasualitatea azkeneko denboraldian hiru langile baso lanetan hil izana. Prekarietatean lan egiten duten sektore batetaz ari gara, dispertsatuta lan egiten dute, inongo kontrolik gabe eta horrek denak horrelako egoeratara ekartzen gaitu”.
Era horretan, Mendiaren ustez, “uste dugu badela garaia alderdi politiko eta administrazio publikoek neurriak har ditzaten eta langileen osasuna eta segurtasuna erdigunean jarriko dituzten marko propio bat eraikitzen hasteko horrelakorik berriro gerta ez daitezen”.
ELAko Izaro Mujikak, enpresariei “interpelazio zuzena” egin nahi izan die: “Beste behin ere garbi gelditzen da, enpresen mozkinak eta beraien irabaziak langileen baldintzen gainetik jartzen dituztela. Eta beste behin ere hemen gaude hori salatzeko. Ea behingoz horrelako heriotzengatik ez dugun beste elkarretaratzerik egin behar”.