Urretxuko Santa Anastasia jaiak ikusgarriak dira eta udalak argazki lehiaketa antolatzen du une ikusgarri horiek iruditan jasotzeko. Aurtengo lehiaketa Iñaki Oiartzabal zumarragarrak irabazi du. Sari banaketa ekitaldia atzo arratsaldean egin
Urretxuko Santa Anastasia jaiak ikusgarriak dira eta udalak argazki lehiaketa antolatzen du une ikusgarri horiek iruditan jasotzeko. Aurtengo lehiaketa Iñaki Oiartzabal zumarragarrak irabazi du.
Sari banaketa ekitaldia atzo arratsaldean egin zuten, udaletxean. Helduen mailan hamaika argazkilarik parte hartu dute. Oiartzabalek 200 euro eta trofeo bat eraman zituen etxera. Bigarren saria Jokin Antoñanak irabazi du eta hirugarrena Javi Alonsok. Herriko argazkilari onenari dagokion saria Juanma Rubiok irabazi du.
Haurren mailan, lehen saria Alex Murciegok lortu du, bigarrena Unai Azarolak eta hirugarrena Iker Ruizek. Epaimahaia Josu Perez, Carlos Mediavilla eta Jesus Udabe argazkilariek osatu dute.
Irabazlearen iritzia
Oiartzabal oso gustura ageri da, lehen saria baitu. Izan ere, argazkigintza betidanik izan du gustuko, baina duela bizpahiru urte egin zuen bere lehen ikastaroa. Ikastaroa egin ondoren, Urretxu eta Zumarragako Argazkia elkartean sartu zen. «Elkartean has-teak bultzada handia eman dit», aitortu du.
Lehiaketa gutxitan parte hartu du orain arte Oiartzabalek. «Orain arte Urretxuko jaietako lehiaketan parte hartu dut, Zumarragako jaietan taberna batean lan egiten baitut. Santa Lutziko lehiaketan parte hartzea gustatuko litzaidake, baina orduan ere tabernan lan egin beharko dut. Kamerarentzako osagarriak erosteko dirua aurreztu beharra dut! Igartubeiti baserriko Sagardo Asteko lehiaketan parte hartzeko, berriz, ez dut arazorik izango».
Urretxuko lehiaketara aurkeztutako sei argazkiak bere emaztearen laguntzarekin aukeratu zituen. «Lehiaketara aurkeztutako bilduman hip-hop jaialdia, ganadu feria, karroza desfilea eta igande goizeko kantaldia eta artisau erakusketa ikus daitezke. Bost argazkitan emaztea eta biok ados geunden, baina hip-hop jaialdiko argazkiari dagokionez ez ginen ados jarri. Azkenean, berari gehien gustatzen zaiona aukeratu nuen».
Oiartzabal naturari buruzko argazkiekin hasi zen, baina egun erretratuak ere egiten ditu. «Hasteko, errazena naturaren argazkiak ateratzea da, gertu baitugu. Orain, berriz, erretratu asko egiten ari naiz. ‘Light pinting’ delakoa egitea ere gustatzen zait: linterna batekin marrazki bat egiten da eta marrazki horren argazkia ateratzen da kameraren esposizio luze baten bitartez», amaitu du Zumarragako argazkilariak.
Iñaki Oiartzabalen argazkiak ikusteko, sakatu
hemen.