Astelehenetan eta ostiraletan irekiko da organikoaren txartel berarekin. Pixoihalarena irekitzeko txartela Igunean kodifikatu behar da . Hiru fasetan jarriko da sistema berria.
Enrike Enparantza, Angel Redondo, Edorta Diaz eta Leire Artola.
Urriaren 17tik aurrera, hondakinak gaika biltzeko sistema berria izango da Beasainen. Edorta Diaz Zerbitzu zinegotziak aurkezpenean adierazi duenez, «orain dela bost-sei hilabete alderdi politiko guztiok adostu genuen edukiontzi berdea kentzea eta edukiontzi grisa jartzea».
Enrike Enparantza Sasieta Mankomunitateko teknikariasren esanetan, «sistema ez da gehiegi aldatuko. Aldaketa bakarra da berdea desagertu egingo dela eta horren ordez bi gris jarriko dira: bat errefusarena eta bestea, tapa gorriduna, pixoihalena.
Bi edukiontzi berri horiek itxita egongo dira eta txartel bidez (organikoarenarekin) irekiko dira: errefusarena astelehenetan eta ostiraletan egun osoz, eta pixoihalarena, nahi denean. Dena den, pixoihalaren edukiontzi irekitzeko txartela (aurreko bera) Igunean kodifikatu egin beharko da. Enparantzazk zehatztu duenez, azken edukiontzi hori ez da gune guztietan jarriko; «hirutik batean, 15 guneetan».
Txartela eta kanpaina
Sistema aldaketaren berri emateko, astelehenetik aurrera, panel informatiboak jarriko dituzte kalean eta agente zibiko bat ere ibiliko da herritarren zalantzak argitzeko. Gaur egun Beasainen hondakinen %50 biltzen da gaika, eta Enparantza ziur dago, «sistema berriarekin %70era iritsiko garela». Beasaingo familia gehienek dagoeneko txartela dutela nabarmendu du Diazek. «Sei hilabeteetan kanpaina egin dute eta 600 txartel berri egin dira Beasainen».
Oraindik txartelik ez duenak udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan, Igunean eskura dezake. Edozein zalantza argitzeko Sasietako bulegora (943 16 15 55) deitu daiteke, goizez, 08:00etatik 15:00etara bitartean.