
Landarlan ingurumen taldeak Aralarko pisten proiektua gelditzeko eskatu die Enirio-Aralar Mankomunitateari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eusko Jaurlaritzak Aralar Natur Parkearen babes maila igo eta Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu duela gogorarazi dute, eta horrenbestez, horrelako pista batek “ingurumen inpaktuko ebaluazio berezia” behar duela azaldu dute. Izan ere, orain arteko natur parkeei dagozkien babes arauez gain, orain Natura 2000 europear sarearenak ere gehitu behar zaizkio.
Landarlanek, beste hainbat arau urratze ere salatu ditu. Batetik, “txabola batzuen konponketa lanak direla eta, kamioia mendian” dabilela salatu dute, eta mankomunitateak hori “herritarrak informatu gabe eta bere arauak bete gabe” egin duela. Izan ere, natur parkeko arauen arabera ezin da lurzorua urratu, eta “horrelako kamioiak erabiliz lurra higatzen” dela dio Landarlanek.
Pisten proiektua geldiarazteko eskatzearekin batera, Aralarko Natur Parkearen Erabilpen eta Kudeaketa Plana “behingoz onar dezatela” eskatu dio Landarlanek administrazioari, horrela, “ondare natural eta kulturala bermatuko dituzten kudeaketa irizpide jasangarriak” garatu eta abian jartzeko. Era berean, kudeaketa plan horretan oinarrituta, bide azpiegituren plan adostua martxan jartzeko eskatu dute, “beharrak, alternatibak eta soluzio orokorrak” aztertuz, “Aralarren interesa duten gizarteko eragile guztiekin batera”. Enirio-Aralar mankomunitateari “erakunde gardena eta irekia” izan dadila eskatu diote, eta dokumentazio osoa webgune baten bidez zabaldu diezaietela herritarrei.
Mendi ibilaldia urriaren 23an
Aralar natur parkea Natura 2000 europar sareko gune bezala izendatu dutela aprobetxatuz, Landarlanek “haren balioak eta mehatxuak” azaltzeko mendi ibilaldi interpretatiboa antolatu du, urriaren 23rako (igandea). Larraitzen elkartuko dira 09:00etan, eta hiru ordu eta erdiko ibilaldia egingo dute, Errekorta leporaino eta Ausa-Gaztelu tontorreraino joanez. Bidean zehar, hainbat adituren azalpenak jasoko dituzte parte hartzaileek. Datozen asteetan emango dute ibilaldi honen inguruko informazio gehiago.