Irizarrek Enpresentzako Ingurumen Saria jaso du Espainian
Europako Ingurumen Sarietan izango da Irizar, lehiaketa honen Espainia mailako epaimahaiak lehen saria eman eta gero. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta Biodiversidad fundazioak ematen duten saria jaso eta gero, Irizar izango da Espainiaren ordezkaria Europako sarietarako finalean. Sari horrek, Irizarrek “ingurumen eta elektromugikortasun arloetan egindako urratsak” nabarmentzen dituela azaldu du Ormaiztegiko kooperatibak.
Epaimahaiak gehien baloratu duen proiektua, %100 elektrikoa den Irizar i2e hiriko autobusaren garapena eta fabrikazioa izan da, “hirietako autobusen energia eraginkortasuna eta autonomia” hobetzen duelakoan. Kooperatibak azaldu duenez, Irizar enpresak “garapen iraunkorrarekin eta ingurumenarekin” duen konpromisoa 1998tik dator, ISO14001 ziurtagiria lortu zuen aurreneko autokar egilea izan baitzen. 2009tik, Klima Aldaketaren Euskal Bulegoko Stop CO2 ekimeneko kide ere bada. 2011n, “iraunkortasunaren aldeko apustuak bultzada garrantzitsua” izan zuen, elektromugikortasunaren arloan murgildu zirenean. Atal hori, “taldearen etorkizunean garrantzia handia” hartzen ari dela ere azaldu dute.
Isurpenik gabeko autobus %100 elektrikoak 2014an hasi ziren martxan, Europako hiru hiritan. Airearen kutsadurak “herritarrek bizi kalitate egokia izatea zaildu” egiten duela uste du enpresak, eta horregatik, “enpresa prest” agertu da “hirietako garraio sistemak aldatzeko parte” izateko.