
Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetza prozesua jarri du martxan 2017ko foru aurrekontuak prestatzeko. Aurrekontu Irekiak lemapean, Gipuzkoako 16 herritan izango dira datozen asteetan, herritarrei informazioa eman eta haien proposamenak jasotzen. Gaur, Ordiziaren txanda izan da, eta Plaza Nagusian jarri dute karpa. Bertan, hainbat informazio panelekin batera, inkesta moduko eskuorri bat eman diete herritarrei, hura bete eta kutxa batean botatzeko. Hala, herritarren lehentasunak zein diren neurtu nahi dute. Eskuorrian aipatzen diren proiektuez gain, herritarrek beraien proposamenak egiteko aukera ere izan dute. Goizez eta arratsaldez dute martxan karpa, eta 19:00ak arte bisitatu ahal izango da.

Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua ere Ordizian izan da gaur, eta Jose Migel Santamaria alkatearekin biltzeko aprobetxatu du bisita. Herriz herri jasotako ekarpen guztiekin, aurrekontu proposamena eta memoria bat landuko dituzte. Aldundiak 812 milioi euroko aurrekontua izango du 2017rako. Lasaren arabera, prozesu honekin “herritarrak inplikatzea eta protagonista bihurtzea” lortu nahi dute, “politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluzazioan”.
Ordiziako saioaren ondoren, Oñatin eta Bergaran izango dira hurrengo saioak. Data zehaztu ez badute ere, datorren astean Urretxun ere izango direla aurreratu dute.