Mendiko gazta gai hartuta jardunaldia eta azoka egingo dituzte Ordizian
Mendiko artzain gaztari zor zaion garrantzia eta aitorpena egin nahi dio Ordiziako Udalak, astebururako antolatu duen ekitaldi sortarekin. Izan ere, aurreneko aldiz, Mendiko Gaztaren Jardunaldiak eta Nazioarteko Azoka antolatu dituzte.
Mendiko gaztak “ezaugarri eta zapore bereziak” dituela azaldu dute, gazta egiten den tokiaren eta garaiaren arabera “desberdina” baita. Hala, “gazta on bat egitea zaila bada, mendiko gaztak egitea zailagoa” dela azaldu dute; horregatik, artzainek “baliabide mugatuak” dituztela eta egiten duten “eskulan handia” azpimarratu dituzte. Antzinako metodoak erabiliz baina “higienea eta garbitasuna zorrotz” beteta, “kontsumitzaileak gero eta hobeto” bereizten duen produktu bat egiten dutela azaldu dute.
Mendiko gaztari balioa emateko eta artzainak elkarrekin komunikatu eta eztabaidatzeko gune bat izateko asmoz, gazta mota honen inguruko aurreneko jardunaldia antolatu dute astebururako. Ostiral arratsaldean, 15:30etik aurrera, Mendiko Gazten I. Mintegia egingo dute. Besteak beste, Biarnoko Piriniotako artzaintzaren inguruko saioa, Aranzadiko Fermin Leizaolaren hitzaldia, edo Europako Mendietako (Picos de Europa) gaztaren inguruko saioa izango dituzte (egitarau osoa behean). Mintegian parte hartu dutenek, afaria egingo dute Txapel Gorri elkartean.
Ostiral arratsaldean (18:00-21:00) eta larunbat goizean (11:00-14:00), Mendiko Gazten Nazioarteko Azoka ere egingo dute, Ordiziako Plaza Nagusian. Bertan, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat gaztagilek parte hartuko dute. Azoka horrekin batera, Gazta Txapeldunen arteko Lehiaketa ere egingo dute, 12:00etan; Ordiziako Gazta Txapelketan azken 10 urteetan irabazle izan direnen arteko lehia izaten da.
Mendiko Gazten I. Mintegia (Ostirala, 14)
- 15:30. Mendiko Gazten I. Mintegia. Parte-hartzaileei harrera.
- 15:45. Agintarien hitzaurrea eta jardunaldien hasiera.
- 16:00. Gilbert Dalla Rosa jaunaren hitzaldia: Biarnoko Pirinioetan transhumantziako gaztak izan duen biziberritze sozioekonomikoa.
- 16:45. Aranzadi elkarteko Fermin Leizaolaren hitzaldia: Artzainak eta Mendiko Gazta Gipuzkoan.
- 17:30. Atsedena.
- 17:45. Lactiker taldeko Luis Javier Rodriguezen hitzaldia: Mendiko gaztaren ezaugarri bereziak.
- 18:30. Luis Javier del Valle adituaren hitzaldia: Europako Mendietako (Picos de Europa) gaztak.
- 19:15. Mahai-ingurua: Bertako artzain batek, kanpoko batek eta HAZIko ordezkari batek parte hartuko dute.
- 20:00. Mintegiaren amaiera.
- 21:30. Mintegian parte hartu dutenek afaria egingo dute, Txapel Gorri elkartean.
- Ostirala (18:00-21:00). Mendiko gazten azoka, Ordiziako Plazan
- Larunbata (11:00-14:00). Mendiko gazten azoka, Ordiziako Plazan
- 12:00. Ordiziako Gazta Lehiaketako azken 10 urteetako irabazleen arteko lehiaketa, plazan.