Usurbe Antzokiko Erakusketa Aretoan zigilatuko dituzte lanak 09:00etan hasita. Epaia 18:30ean jakinaraziko da. Erakusketa jarriko dute hilaren 30era arte. Arrano Elkarteak antolatzen du.

Arrano Kultur Elkarteak antolatzen duen Jendaurreko edo Aire Libreko Margo Sariketak zilarrezko ezteiak beteko ditu aurten: igandean, hilaren 16an, jokatuko da XXV. Jendaurreko Margo sariketa. Eskualdeko eta inguruko pintoreen topaleku bilakatuko da berriro ere Beasain.
Ohi bezala, Beasaingo herria eta auzoak dira sariketaren gaia. Usurbe Antzokiko Erakusketa Aretoan 09:00etatik 10:30era bitartean, zigilatuko dituzte lanak. Euskarriak lanerako aurretik prestaturik eraman daitezke, baina tonu bakarrean; ez dute onartuko marrazki, zirrimarra edo marra aztarnarik edukitzea. Pintura lanak 13:30erako aurkeztu beharko dira eta 18:30ean jakinaraziko da epaiaren berri.
Aurkeztutako lanekin erakusketa egingo da Erakusketa Aretoan bertan, hilaren 30era arte. Lanak saltzeko aukera ere izango da. Helduen eta herriko lehen sariak udalaren esku geratuko dira. Irabazleak 700 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenak 400 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak 300 euro eta garaikurra. 18 urtetik beherakoentzat bi sari egongo dira: irabazlearentzat 100 euro eta garaikurra eta 150 euroko akzesita. Herriko margolariak ere saritu nahi izaten dituzte antolatzaileek. Helduetan herriko onenak 400 euro eta garaikurra jasoko ditu eta bigarrenak, 150 euro eta garaikurra. 18 urtez azpikoetan irabaz-leak, azkenik, 80 euro eta garaikurra jasoko ditu.