Zuzendaritzak 2017ko urtarrilaren 1ean itxiko duela jakinarazi enpresa batzordeari. Zuzeneko 40 eta azpikontratetako 7 lanpostu galduko direla diote sindikatuek
Altzairutegiaren itxieraren aurkako pankartak jarri dituzte CAFen.
CAF enpresako bi sindikatu nagusiek, LABk eta ELAk, ezadostasuna agertu dute enpresako zuzendaritzak 2017an altzairutegia ixteko hartu duen asmoaren aurrean. Astelehenean jakin zuen enpresa batzordeak zuzendaritzaren asmoa.
Sindikatuek emandako datuen arabera, altzairutegiaren itxierarekin, «zuzeneko 40 lanpostu eta gure instalazioetan iraunkorki lan egiten duten azpikontratetako beste 7 lanpostu galduko dira».
ELAk zabaldu zuen atzo CAFeko enpresaren azken erabakiaren berria. CAFek ELAren sail sindikalak prentsa ohar bidez, «erabat arbuiatu» du altzairutegia ixteko erabakia, eta «berau martxan mantentzea exijitu du». Sindikatuaren ustez, «enpresaren estrategia kostuak merkatzea da, horretarako lana esternalizatzen delarik, eta ondorioz, bertako kalitatezko enplegua suntsituz».
ELAren ustez, «enpresa batek lan bat azpikontratatzea erabakitzen duenean ez genuke soilik kontutan izan beharko zenbat langileri eragiten dien eta hauek nola birkoloka daitezkeen. Izan ere, horrelako erabakien ondorioak larriagoak izan ohi dira: zuzeneko eskulanaren ordez enplegu prekarioa sortzen da. Gaur altzairutegia izan dena bihar CAFek beste edozein sail izan daiteke, eta horrek Beasaingo lantegia deskapitalizatzea esan nahi du». Ildo horretan, hainbat galdera luzatu ditu ELAk: «Orain altzairutegiaren txanda da. Baina zein izango ote da hurrengoa?». Erabaki horren aurrean, ELAk «borroka proposatuko du. Sindikatuok eta langilek elkar hartuz gero egoerari buelta eman ahal izango diogu, hala gertatu izan da enplegua arriskuan zegoen beste une batzuetan ere».
«Prozesua eteteko» deia
LABk bere aldetik, «helarazi diguten informazio eskasa eta kostu baxuko herrialdeetara ekoizpena eramateko erakutsitako presa» salatu nahi izan ditu atzo bidalitako prentsa oharrean. Aurretik ere, CAFen antzeko egoera gertatu izan dela gogoratu dute, eta LABk ez du «jarduera-eten» hori onartzen: «Aurkezten zaizkigun arazoak ezagutzeko eta horiei eman dakiekeen soluzioaren inguruan gure iritzia emateko eztabaida zabaltzea» eskatzen du.
Era horretan, «iragarritako etena ez gauzatzea exijitzen dugu. Altzairutegiak inbertsio «garrantzitsua» behar duela dio sindikatuak, «gerora begirako apustua izango bada». «Zuzendaritzak, dagoeneko kalkulatua du inbertsio hori 15 milioi eurokoa dela. Alabaina, ez du inbertsio hori egin nahi, altzairua kanpoan erosita merkeagoa dela argudiatuta. Enpresak ekoizpena kanpora aterata mozkin gehiago lortu nahi ditu, horixe da arazoa».
Enplegu duinaren aldeko apustua egiten jarraitzeko eskatu dio LABk CAFeko zuzendaritzari: «Behar den denborarekin, azterlan hori aurkeztea eta prozesu bat zabaltzea exijitzen diogu zuzendaritzari, egon daitezkeen irteera guztiak aztertzeko, ekoizpenaren dibertsifikazioa barru». Azkenik, «inposatu digun prozesu hori eteteko» eskatu dio LABk zuzendaritzari, «gatazka handiagoetara joan gabe».