Mutiloako zabortegiaz kezkatuta, herri ekimena antolatu dute
Ormaiztegin izango da batzar irekia, urriaren 18an, 18:30ean
Cespa SA enpresak Mutiloan duen zabortegira hiru urtean 306.000 tona hondakin botatzeko egitasmoak kezkatuta, herri ekimen bat sortu dute. Sare sozialen bidez bilerarako deialdia zabaldu zuten, atzo gauean. Ormaiztegin izango da informazio batzar irekia, urriaren 18an, asteartea, eliza ondoko karpan 18:30ean.
“Berri larri horrek kezka eta egonezina sortu du askorengan, erabakia hartzeko aukeratutako garaiagatik eta moduagatik, publiko egiteko eragatik, eta, batez ere, izan ditzakeen ondorioengatik: ingurumenean, osasunean, bizi kalitatean…”, dio zabaldutako oharrak.
Ekimena “herritar talde batek” abiatu du: “Gaia zein egoeratan dagoen azaldu, eta antolaketaz eta erantzunaz eztabaidatzeko beharra ikusi dugu”.
Ormaiztegiko bilerara gonbidatu dituzte herritarrak, erakundeak (udalak, sindikatuak), elkarteak (kultura, kirol edo ekologia arloetakoak), nahiz bestelako kolektiboak (baserritarrak, gazteak).