Nekane Balluerka ordiziarrak bakarrik aurkeztu du hautagaitza EHU-ko errektore izateko, oraingoz
Nekane Balluerka Lasa goierritarra (Ordizia, 1966) EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen hurrengo errektorea izateko bidean da, zantzu guztien arabera. Unibertsitate publikoko hauteskundeak azaroaren 24an egingo dituzte, eta atzo ofizialdu zuen Balluerkak bere hautagaitza. Oraingoz bakarra da. Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 3ra arte da berez, baina unibertsitatean beste hautagairik ez dela aurkeztuko aurreikusi dute.
Gaur egungo errektore Iñaki Goirizelaiaren lekua eta oinordekotza hartuko du Balluerkak. Psikologian doktore da, eta Portaera Zientzien Metodologian katedraduna da, Psikologia fakultatean. Oraingo zuzendaritza taldean kargu bat ere badu: Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreordea da.
Ordiziako Altamira auzokoa jaiotzez, euskalduna da. EHU “sustraiak Euskadin dituen unibertsitatea eta, aldi berean, munduari irekia” izan dadin lan egingo duela aurreratu du. Hein berean, haren ustez unibertsitateak “hobeto kokatu” behar du etorkizunean, “nazioarteko unibertsitaterik onenen parean”. Urriaren 21ean aurkeztuko ditu lantaldea eta programa.
EHUren 36 urteko historian, bigarren errektore emakumezkoa izango da, jardunean kargua bete zuen Arantza Mendizabalen ondoren (1985-1986). Lehenengo goierritarra izango da EHUren agintari goren karguan.
EHUren errektoreak (1980-2016):
- 1980-1981. Gonzalo Martin Guzman (Madrid, 1924 – Donostia, 1991).
- 1981-1985. Gregorio Javier Monreal Zia (Etaio, Nafarroa, 1942).
- 1985. Arantza Mendizabal Gorostiaga (Mundaka, Bizkaia, 1950). Funtzioetan.
- 1986-1991. Emilio Barberá Guillen (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1947).
- 1991-1996. Juan Jose Goiriena Gandarias (Gasteiz, 1947).
- 1996-2000. Pello Salaburu Etxeberria (Arizkun, Nafarroa, 1951).
- 2000-2004. Manuel Montero Garcia (Bilbo, 1955).
- 2004-2008. Juan Ignacio Perez Iglesias (Salamanca, Espainia, 1960).
- 2008-2016. Iñaki Goirizelaia Ordorika (Bilbo, 1958).