Txistulari beteranoen agurra
Berrogei urtean txistu doinua jartzen aritu izan dira Joxe Mari eta Naxario Telleria. Bihar joko dute azkenekoz.
Dantzarako ezinbestekoa da musika, eta ...
Berrogei urtean txistu doinua jartzen aritu izan dira Joxe Mari eta Naxario Telleria. Bihar joko dute azkenekoz.
Dantzarako ezinbestekoa da musika, eta duela 40 urteko dantza txapelketarako, lau goierritar txistulari elkartu ziren eta Ixilkara taldea sortu zuten. Joxe Mari Telleria segurarrak (lehenengo txistua), Naxario Telleria idiazabaldarrak (silbotea), eta Xabier Lekuona (atabala)eta Joxe Manuel Bergara (bigarren txistua) ordiziarrek osatu zuten lehenengo taldea. Bi Telleriak dira gaur arte iraun dutenak; urte banatan bakarrik huts egin dute, gaixo zeudelako. Hala ere, bihar agur esateko asmoa dute. «Elkarrekin hasi ginen eta elkarrekin bukatuko dugu», dio Naxariok.
Txapelketaren hasierako urteetan, txistulariek aukeratutako hamar fandango eta hamar arin-arin doinu desberdin jotzen zituzten, bikote bakoitzari zozketan egokitutakoa dantzatu behar izaten zuten. Dantzariek ez zuten oso gustuko, doinu batetik bestera alde handia zegoela esaten baitzuten.
Doinuen txapelketa
Era horretan, 1986an dantza musikaren txapelketa antolatu zuten. «Irabazten zuten piezak jotzen ziren txapelketan; hala dantzari guztiei doinu bera jotzen zitzaien», zehaztu du Joxe Marik. Tomas Garbizuk, Jose Inazio Ansorenak… irabazi izan zuten. Dena den, Naxariok gogoratzen duenez, «musika ona bai, baina dantzarako ez ziren hain aproposak. Orduan ere kexa izaten zen». Garbizuren doinu baten adibidea jarri dute txistulariek: «Txistuarekin jo ezin daitekeen nota bat zuen, goiko Do sostenidoa. Guk jarri genion ondo zihoakion beste nota bat». 1995era arte iraun zuen konposizio musikalen txapelketak.
Guztiei doinu bera
1996an erabaki zuten txistulariek eurek aukeratutako edo egindako doinu bat jotzea; gaur egun ere horrekin jarraitzen dute. «Ahalegina egiten dugu ezezaguna izan dadin». Joxe Mari arduratzen da musikaren aukeraketaz; berak konposatutakoak ere jo izan dituzte. «Aurten, azkenekoa delako, nik egindako lau fandangoetatik pusketa bana hartuta osatu dut», aurreratu du Joxe Marik. Bikoteek, txapelketa hasi baino lehenxeago entzuten dituzte lehenengo aldiz doinuak. «Azkeneko urteotan, piezak aurretik jakitea eskatzen digute, baina guk uko egiten diogu».
Hori bai, gaur egun, finkatuta dago abestiaren neurria: 16 konpaseko zortzi zati. «Nire ustez ez genuke egin behar ez lau, ez sei eta ez zortzikoa. Jo eta bukatutakoan gelditu daitezela. Dantzariek musika jarraitu behar dute», nabarmendu du Naxariok. Idiazabaldarraren ustez, «buruz ikasita» etortzen dira dantzariak, eta harentzat hori ez da lehiaketa. «Behin motzagoa zen abestia jo genuen eta dantzariek dantzan jarraitu zuten».
Ardura handiko lana
Joxe Marirentzat urteko egunik «gogorrena» izaten da dantza txapelketakoa: «Tentsio handiko lana da, konpromiso handikoa. Denei berdin jo behar diezu, akats bat ezin da egin».
Idiazabaldarrak irribarrez gogoratu duenez, urte batean paretari begira jo zuten txistua: «Dantzariei begiratu egiten geniela, batzuei mesede egiten geniela… paretara begira jo genuen. Telebistarik ez zen artean». Hala ere, txistua jotzen dutenean paperari begira jotzen dutela aitortu dute.
Bitxikeriak
Urte hauetan guztietan bitxikeria bat baino gehiago bizi izan dute txistulariek. 1980. urtean gertatutakoa ondo gogoan du idiazabaldarrak. «Frontoi zaharrean egiten zen oraindik txapelketa. Dantza saioak bukatutakoan, Imazenera joaten ziren epaimahaikoak kontuak egitera. Tarte horretan euria hasi zuen eta eskenatoki gainetik salto egin, irristatu eta orduko Lehendakariaren, Carlos Garaikoetxearen aurka joan nintzen». Urte hartan, sari banaketa eta azkeneko dantza, eliza barruan egin zuten.