Idiazabal, Indiano herria
Kultura ondarearen bitartez ezagutzen ditugu mendeetan zehar bizipenak, gune geografikoak eta kulturak partekatu dituzten gizarteen izana, historia eta identitateak. Gure lurraldean gertatutako migrazioei ...
Kultura ondarearen bitartez ezagutzen ditugu mendeetan zehar bizipenak, gune geografikoak eta kulturak partekatu dituzten gizarteen izana, historia eta identitateak. Gure lurraldean gertatutako migrazioei buruzko kultur ekintza programa zabala eta anitza ari da eskaintzen Gipuzkoako Foru Aldundia, irailean hasi eta urriaren bukaerararte, ondarearen Europako jardunaldien bitartez. Herritarrei, ondarea eta historiarekin zerikusia duten bitarteko eta baliabide batzuetara iritsi eta ezagutzeko aukera ematen zaie. Helburua herritarren eta kultura ondarearen lotura ezartzea da, bai ate irekiko jardunaldiak antolatuta, eta bait ondare hori hobeto ezagutzeko, ulertzeko eta interpretatzeko oinarriak eta gidak eskainita ere.
Ondare horren adibide garbia aurkitu daiteke Idiazabalen; ugariak baitira indiano etxeak eta tradizio emigratzailearen aztarnak. Hori kontutan izanda, Joseba Agirrezabalak, Ameriketako emigrazioa Idiazabalen iturri pertsonalen bitartez HIstoria gradu amaierako lana egin zuen. XIX. mende erditik hasita, XX. mende erdi aldera arte gutxi gora behera, Idiazabaldik Amerikara emigratutako familia baten garapena azaltzen du lan horretan; Idiazabalgo Zabarain baserrian jaiotako Altolagirre familiarena hain zuzen.
Historialariak ikertutakoaren arabera, «XIX. mendean zehar hazkunde demografiko nabarmena gertatu zen. XIX. mendean Euskal Herrian industrializazio prozesua eta hiritartzea oso era arinean gertatzen ari bazen ere, ez zen nahikoa izan, bere gainetik trantsizio demografikoaren lehen pausoak ematen ari zen populazio bati eutsi ahal izateko» eta hori dela eta, «garraioen merkatze batekin eta Espainiak emigratzeko emandako erraztasunei loturik, populazioa Ameriketako lur hutsetan bizibidea bilatzera bultzatu zuten», gehitu du.
Altolagirre Enea
Idiazabalen indiano etxe ugari dago, eta horietako bat da Altolagirre Enea. «Herri erdian kokatzen da eta egun okupatuta dago», azaldu du Agirrezabalak. XIX. mendean, Altolagirre familiako lau seme Amerikara joan ziren; bi Argentinara eta beste bi Kubara. «Amerikara joan aurretik ere maila sozial handiko familia zen», eskuratutako dokumentazioan irakurri ahal izan zuenaren arabera. Amerikan dirutza egin zuten «nekazaritza eta abeltzantzarekin» eta Idiazabalera bueltatzean «Txomename baserria erosi zuten, hura bota eta etxe berri bat egiteko» nabarmendu du. «Altolagirre Enea izena jarri zioten etxeari eta Amerikan izandako arrakastaren islada garbia zen; etxearen izena aldatzea, arkitekturaren aldetik Idiazabalen aurkitu daitekeen eraikin ikusgarriena ez bada ere, elizaren ondoan kokatuta egoteak, duen tamainak eta etxearen inguruan zegoen lorategiak garbi uzten du familia honen boterea», gehitu du historialariak.
Indianoek etxe handi horiek eraikitzeko arrazoiak, «askotarikoak» izan ziren, eta «pertsonalizatu ezin daitekeen arren, lortutakoa erakusteko modua zen», Agirrezabalak dioenez. «Erretiroa igarotzeko egiten zituzten etxezar horiek; nahiz eta batzuk, Idiazabaldik kanpo joan ziren bizitzera eta opor garaian baino ez ziren etortzen» argitu du. Altolagirretarren kasuan, «etxea zaintzeko hainbat pertsona zituzten lanean, baina orain dela 20 bat urte utzi zioten bertan lan egiteari pertsona horiek eta etxea guztiz utzita zuten». Horren ondorioz, «Udalarekin arazoak sortu ziren eta lorategia desjabetu zieten», adierazi du historialariak.
Dohaintzak
«Herrialdearen alde egindako dohaintzak asmo filantropikoekin eginak izango zirela pentsatu izan da, baina era berean, memoriaren ikuspuntutik herriari faboreak egin dizkion pertsona arrakastatsu, aberats eta dohatsu gisara gogoratzeko» egin zirela dio historialariak.
Jose Ramon Altolaguirrek bakarrik 1900. urtean elizarako erloju berria finantzatu zuen mila pezeta ordainduz, hiru epetan. 1915eko hilerri berriaren kasuan, «kolektiboki ordaindu zen obra bat izan zen, era honetara arrakasta mugatuagoa lortu zuten emigranteek ere bere zatitxoa jarri zezaketen», dio Agirrezabalak. Jose Ramon Altolaguirrek 1.000 pezeta jarri zituen eta bere anaia Juan Silvestrek 500 pezeta. Horiez gain, herriko beste hainbat indianok ere jarri zuen dirua. «Hilerriaren eraikuntzaren atzean higiene arazoak egon zitezkeen eta ederki probestu zuten hori indianoek» kontatu du historialariak. «Dohaintza honek estatusa markatzeko aukera eskaintzen zien».
Panteoiek ere garrantzia handia daukate; «Idiazabalgoa bezalako hilerri txikiek, egitura koadratu bat daukate, kapera batera daraman etorbide zentral batekin eta panteoiak albo batean kokatzen dira, paretaren kontra. Haien dimentsioek zeresana eman dute beste hilobien aurrean eta Indianoak ez ziren atzean geldituko; Altolaguirre-Guerrico anaiek ere erosi zuten eskubide hori 300 pezetaren truke», argitu du Agirrezabalak.
Idiazabalgo indiano etxeak ezagutzeko bisita gidatua
Idiazabaldik, XIX. eta XX. mendeetan Amerikara joan zen jende ugari eta bertan arrakasta ekonomikoa lortu zutenek, herrira itzultzean horren erakusle, 10 jauregi eraiki zituzten. Horrez gain, Indiano hauek, herriari zenbait dohaintza ere egin zizkioten. Aldi berean, Argentinan Idiazabal izeneko herri bat ere badago. Indianoek Idiazabalen utzitako ondarea, aditu batek lagunduta ezagutzeko aukera dago bihar, urriak 15, egingo den bisita gidatuan. Bisita publiko guztiarentzat da aproposa. Oinez egingo da eta ordu t’erdi inguruko iraupena izango du. Idiazabalgo udaletxe aurretik hasiko da bisita gidatua 11:00etan.