Segura, dantzaren herria
Dantza soltearekin oso lotuta dago Segura. Duela 40 urte, 1977an, Gillermo Areizaga alkate zela, herrian dantza txapelketa antolatzea bururatu zitzaien. Burutazio ...
Dantza soltearekin oso lotuta dago Segura. Duela 40 urte, 1977an, Gillermo Areizaga alkate zela, herrian dantza txapelketa antolatzea bururatu zitzaien. Burutazio hark 40 urte bete ditu eta askok dioten bezala, txapelketa bera antolatzen hastea bezain zaila izan da hainbeste urtean kalitate goreneko txapelketa mantentzea. Urte hauetan guztietan lan isila egin dutenak asko dira.
Lehenengo urtetik oihartzun handia izan zuen Segurako txapelketak dantzarien artean, eta baita garai hartako komunikabideetan ere. 1981ean Segurako Udalak eskaria egin zion Eusko Jaurlaritzari Euskal Herriko txapelketa urtero Seguran joka zedin; eskaera onartu egin zuen Jaurlaritzak.
1977 eta 1982 urte bitartean, pilotaleku zaharra izan zen dantzarien agertokia. Urte haietan, Ohorezko Ibilbidea eginez joaten ziren kalejiran dantzariak eta agintariak udaletxetik pilotalekura. 1983an Baratze pilotalekuan egiten hasi ziren. Oholtzaren itxura asko aldatu zen leku aldaketaren ondorioz, eta zer esanik ez, 1994an Euskal Telebista txapelketa eskaintzen hasi zenean. Leku aldaketaz gain, data aldaketa ere ezagutu du: 2009 urtera arte, San Joan jaien barruan jokatzen zen. Gaur egun, dantza solte denboraldiko azkeneko saioa izaten da.
Herriko dantzari gutxi
Antolakuntzan segurarrak txapeldunak izan badira ere, dantzarien artean ezin daiteke gauza bera esan. 40 urteko historian, lau segurarrek hartu dute parte txapelketan: 1979an Rafael Gerrikok eta Mari Karmen Elortzak, eta 1999an, Miren Gallastegik eta Saioa Aristegik Urretxuko bikote lagun bana zutela. Goierritarrak ere ez dira asko izan txapelketan; 40 urteotako palmaresa ikusita, zerrendan ez dago goierritar txapeldunik. Bi urteetan izan ezik, Gipuzkoako dantzariak izan dira nagusi; 2010ean eta 2013an Bizkaira joan zen txapela, Sestaora eta Santurtzira.
Ibai Jimenez:
«Pausoak ondo egiteaz gain,
bikotea konpentsatua ikustea garrantzitsua da»
Klikatu argazkian Ibai Jimenezen elkarrizketa irakurtzeko
Dantzarientzat txapelketa berezia izan da beti Segurakoa; dantza soltearen Tourra bezala izendatu izan du batek baino gehiagok. Edu Muruamendiaraz bergararraren arabera, «txapelketak prestatzen hasi ginenean beti buruan izaten genuen Segurakoa, txapelketa nagusia zen. Denontzat luxua zen Seguran parte hartzea eta irabaztea. Horretarako prestatzen ginen». Txapelketaren garaian herrian «giro oso ona» sortzen zela gogoratzen du: «Morbo handia egoten zen zein bikote sailkatuko zen. Eta behin sailkatutakoan, urduri-urduri pasatzen genuen astea». Urte batzuetan kanporaketak egiten ziren finalistak aukeratzeko.
Hiru urtean segidan (1994tik 1996ra) irabazi zuen Muruamendiarazek Amaia Agirre bikote zuela. Hirugarren aldiz irabazi zuenean, txapelketak uztea erabaki zuen bergararrak. Bihotzean du Segura, bere dantza ibilbidean «Segurako plaza garrantzitsuenetako bat» izan da. «Urte askoan ibili naiz txapelketan eta txapelketatik aparte Aukeran dantza konpainiarekin ere bai. Segurak asko eman dit eta nik uste dut Segurari ere zerbait emango niola». Aurten ere bertan izango da Aukeran konpainiak prestatu duen saio bereziarekin.
Erakusleiho handia
Antton Mendizabal donostiarrak ere hiru urtean segidan irabazi zuen Segurako txapelketa Amaia Illarretarekin, 1989tik 1991ra. Gaur egun, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko dantza solteko koordinatzailea da, eta haren ustez Segurako txapelketa dantza soltearen erakusleiho handia izan da beti. «Telebista hor izateak indar handia ematen dio. Hala ere, lehen ere, telebista ez zetorrenean, dantzariontzat txapelketa garrantzitsuena zen».
Aurtengo txapelketan 10 bikotek hartuko dute parte; iaz 14 izan ziren. Bikote gehiago aurkezten ziren urteak ere izan dira, baina Mendizabalen ustez, «kultur maila asko zabaldu da, beste interes batzuk sortu dira eta jendea sakabanatu egin da. Dantzari batzuk ere bikote gabe gelditu dira». Horrezaz gain, Mendizabalen esanetan, dantzarientzat «apustu nahiko pertsonala da binaka dantza egiteko erabakia hartzea. Azken batean lan handia eskatzen du. Nahiz eta dantza talde batean egon, txapelketarako saltoa handia da».
Txistulari beteranoen agurra
Klikatu argazkian Joxe Mari eta Naxario Telleriaren adierazpenak irakurtzeko
Sarri kritikatuak izan dira dantza txapelketak, dantzaren jatorriarekin, plazako eta erromerietako dantzarekin urrundu egiten delako. «Behin oholtzara eraman eta txapelketa forma hartu zuenean, erromerietan ez bezala, teknika handiz egiten da dantza txapelketan», zioen 2001ean Xabier Mendizabalek dantza txapelketari buruzko liburuan. «Lehen espazio txikiagoan egiten zen dantza, pausoak eta mugimenduak txikiagoak eta laburragoak ziren, agian teknika ez zen gaur adinakoa, baina zenbaiten ustez dantza airosoagoa eta biziagoa zen».
Dantza plazara
Seguran, bihar, I. Dantza Egunarekin, dantza berriz ere plazara eramango dute. 10:30etik aurrera, 18:00etan txapekelketa hasi bitartean, nonahi eta noiznahi dantza egiteko aukera izango da. Dantzaren herria izan nahi du Segurak.
Nestor Basterretxeak lotura zuzena izan du Segurako txapelketarekin
Nestor Basterretxea artistak lotura estua izan du dantza txapelketarekin. Udalaren Sari Nagusia Basterretxearen lanak irudikatzen du. Sari hori, lehenengo sailkatutako bikoteak ordezkatzen duen udaletxean gordetzen da, hurrengo txapelketa egin arte. Bikote irabazleak ordezkatzen duen udala sariaren jabe egingo da, baldin eta bikote horrek hiru aldiz segidan edo bost urtean hiru aldiz txandaka txapelketa hori irabazten badu. Sei bikotek eta herrik eskuratu dute Basterretxearen eskultura: Ugalde-Esnaolak, Mendizabal- Illarretak, Murumendiaraz-Agirrek, Larrañaga-Epeldek, Parrondo anai-arrebek eta Azpitarte anai-arrebek. 2014an hil zen Basterretxea eta zazpigarren eskultura, «egun daukaguna, azkena izango dugu udaletxeren bat jabe egin arte», dio Iosune Arrondok.