Euskal Herriko IX. Mus Txapelketa martxan
Euskal Herriko Mus Txapelketak 9. edizioa beteko du aurten. Asteburuan egin dute lehiaketaren aurkezpena, Anoetan. Izan ere, Gipuzkoako herri horretan jokatuko da nazio mailako final nagusia, martxoaren 25ean. Aurretik, otsailaren 25ean, herrialdeetako sailkapen finalak jokatuko dituzte.
Seguratik sortutako txapelketa hau hazten joan da urtez urte, eta iaz, Euskal Herri osoko 220 herritan jokatu zituzten kanporaketak, 4.000 laguneko partehartzearekin. Datozen asteetan jakinaraziko dituzte herriz herriko kanporaketen datak, txapelketaren webgunean, sare sozialetan eta tokian tokiko komunikabideen bidez.
Saritan 50.000 euro baino gehiago banatuko dituzte. Hala, Euskal Herriko txapeldun ateratzen den bikoteak txapela, garaikurra, 3.000 euro eta Kariberako bidaia lortuko ditu. Bigarren bikoteak berriz, garaikurra, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetara bidaia. Aurreneko hamasei sailkatuentzat eta herrialdeetako finalen irabazleentzat ere izango dira sariak.
Finala, Gipuzkoara bueltan
Euskal Herriko Mus Txapelketak izan dituen 9 edizioetan, zazpi lurraldeetan egin dituzte finalak, eta aurten, Gipuzkoara itzultzea erabaki dute antolatzaileek. Finalaren egunerako, “musa eta jaia uztartuko dituen egitaraua” prestatuko dutela aurreratu dute antolatzaileek, Anoetako herritarrekin eta udalarekin elkarlanean.