Lazkaoko Elkartasun Eguna, festa eta aldarrikapen giroan
Lazkaoko 11. Elkartasun Eguna ospatu dute asteburuan, festa eta aldarrikapena uztartuz. Aurten, dispertsioaren gaia landu dute, urruntzeak presoengan eta haien familiengan duen eragina aztertuz.
Ostiralean hasi zituzten ekitaldiak, umeentzako jolasekin; iluntze partean berriz, gaztaina erreak, txistorra pintxoak eta sagardo kupela jarri zituzten, Iban Urdangarin eta Aratz Igartzabal bertsolariek lagunduta.
Larunbatean berriz, egun osoko ekitaldiak izan zituzten. Eguerdian, Mirentxin gidariak gogoan, furgo-apustua egin zuten; launa laguneko hiru talde aritu ziren, nor baino nor, furgoneta tiraka zeinek azkarren eraman. Segidan herri bazkaria egin zuten plazako frontoian, 150 bat lagunek.
Arratsaldean, dispertsioa salatu eta euskal preso eta iheslari politikoak etxeratu ditzatela eskatzeko manifestazioa eta ekitaldia egin zituzten. Eguna bukatzeko, Gureran talde zaldibiarrak kontzertua eskaini zuen, udaletxe ondoko zubian.
Argazkiak: Mikel Albisu