Hamahiru talde eta girotzeko hainbat ekitaldi aurtengo Jazpana Fest jaialdian
Jazpana Fest jaialdiaren 8. edizioa egingo dute asteburuan Beasainen, eta Jazpana Kultur Elkartekoek, ostiraleko eta larunbateko ekitaldien berri eman dute gaur, Igartza jauregian. Musika eta zuzeneko emanaldiak dira jaialdiaren ardatza, eta aurten ere, Euskal Herriko zein atzerriko talde sorta izango da Berdenedo-eneko parkinean; hamahiru guztira, bost ostiralean, eta zortzi larunbatean. Aurreko urteetan bezala, kontzertu guztiak doan izango dira.
Kontzertuei dagokionean, Goierriko talde banak irekiko dituzte ostiraleko eta larunbateko kontzertuak. Ostiralean, Beasaingo, Ordiziako eta Zumarragako gazteek osatzen duten Barracuda taldeak joko du. Haien segidan, Viva Belgrado, Inoren Ero Ni, Monde del Oso eta Betunizer taldeak izango dira. Larunbatean berriz, Ataungo hiru musikari beteranok osatu duten Unidad Alavesa taldeak irekiko du jaialdi nagusia. Euskal talde gehiago ere izango dira, hala nola Izaki Gardenak, John Berkhout eta Grises; baita kanpotik etorriak ere, tartean Morgan eta Nudozurdo espainiarrak edota Last Train frantziarrak, esaterako.
Larunbateko kontzertuak girotzeko, eguerditik hasita, bestelako ekitaldiak ere izango dira. Bermut garaian, Vanessa Zamora kantari mexikarra Bideluze plazan ariko da. Eta arratsaldean, birziklatutako instrumentuen tailerra egingo dute. Bestalde, larunbat iluntzetik aurrera, look jazpanero lehiaketako photocall-a egingo dute. Food Truck gunea ere jarriko dute Bernedo-enean, lau proposamen gastronomiko ezberdinekin.
EGITARAUA Ostirala, 28 · 22:00. Barracuda. · 22:45. Viva Belgrado. · 23:30. Inoren Ero Ni. · 00:30. Monte del Oso. · 01:20. Betunizer. · 02:30. DJ Rocket disko jartzailea. Larunbata, 29 · 13:00. Vanessa Zamora kantari mexikarra. Bideluze plazan. · 16:30. Reziklantes tailerra. · 19:15. Unidad Alavesa. · 19:55. Baobabs will destroy your planet. · 20:45. Izaki Gardenak. · 21:35. Morgan. · 22:35. Nudozurdo. · 00:45. John Berkhout. · 01:45. Last Train. · 02:50. Grises. · 04:00. Coco disko jartzailea. Look jazpanero · Larunbatean, 19:00etatik 24:00teara, photocall-a. Beasaingo Alzuaran, Anitz, Enedur, Cayville, Xalo eta Zuna; Ordiziako Vicuña Sport, Vicuña Confeccion, Kixmi, Ttipi Ttapa, Gofi, Bidemoda; eta Zumarragako Natalietta.