Indarreko langileek lanuzteak egingo dituzte hitzarmen duinaren alde
Beasaingo Indar enpresan ez dute lan hitzarmenaren inguruko akordiorik lortzen, eta sindikatuek, lanuzteetara jotzea erabaki dute. Bederatzi hilabete baino gehiago daramatzate negoziazioekin eta egoera “blokeatuta” dagoela azaldu dute sindikatuek. Lan batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, ez dute adostasunik lortzeko inolako aukerarik aurreikusten, “ez alor ekonomikoan ez enplegu politikan ere”.
Hori guztia dela eta, protesta egitea erabaki dute eta lanuzteak iragarri dituzte datozen egun eta asteetarako. Zehazki, hilaren 27an eta 28an, lau orduko etenaldiak egingo dituzte; eta azaroaren 2an, 3an eta 4an, egun osoko greba egingo dute.
Langileen gehiengoa mobilizazioen alde agertu zen pasa den astean egin zuten batzarrean: 380 langilek mobilizazioak egitearen aldeko botoa eman zuten; 90 langilek kontra bozkatu zuten. 17 boto zuri eta 10 baliogabe ere kontatu zituzten bozketan.
Langile batzordearen arabera, “salmentak igo ahala Beasaingo plantan eman beharreko kontratazioak” egitea, soldaten igoera, erreleboko plusak eta gaixotasun bajen konpentsazioa dira langileen aldarrikapen nagusiak.