Cajasol Ciencias taldea 39-13 hartu du mendean Altamiran, emaitzak erakusten duena baino partida orekatuago batean
Partida gogorra eta parekatua jokatu zuten atzo Ampo Ordiziak eta Cajasol Cienciasek, Altamiran. Emaitza ikusita (39-13) kontrakoa badirudi ere, bi taldeetako inork ez zen jokoan erabat nagusitu. Etxekoak ere, beste partidetako joko ikusgarria eskaini ordez, indarrak neurtzen aritu dira partida osoan zehar. Emaitzak eta lortutako 5 puntuek ordea, gustura utzi dituzte jokalari eta zaleak. Ohorezko mailako sailkapenean 5. postuan daude, Cisnerosekin berdinduta (15 punturekin biak).
Zelaira atera berritan, etxeko taldeak indartsu ekin zion partidari. Lehen minutuetan baloiaren jabe izan ziren, baina kosta egin zitzaien puntuatzen hastea, andaluziarrek gogor eutsi baitzieten. Hala ere, aurrea hartzea lortu zuten markagailuan. Atsedenaldira iristeko minutu gutxiren faltan, ordea, andaluziarrek goierritarren akats bat aprobetxatu eta hamahiruna berdintzea lortu zuten. Sustoa gainetik kentzeko, atsedenaren aurretik entsegua egin zuen Mikel Aizpuruak, eta 18-13koa jarri zuen.
Etenaldiaren ondoren etorri ziren etxekoen entsegu eta tanto gehienak. Erasoko bonusa ere orduan lortu zuten. Jokoa asko moteldu zen handik aurrera, eta azken minutuetan bakarrik berpiztu zen, Amporen beste entsegu batekin.
Klubak argi utzi nahi izan du ez dela Ampo Ordiziaren partidarik onena izan, baina erasoko bonusaren eta lortutako bost puntuen garrantzia azpimarratu du, jokalariak zoriontzearekin batera.