Nagusilanek antolatuta, bihar, 18:00etan zahartzaroa eta sexualitatea uztartuko ditu Silvia Camio psikologo eta gerontologoak Legazpiko Kultur etxean egingo duen hitzaldian.
Hitzaldiaren helburuak hiru dira: sexualitatea zer den argitu, adinekoen sexualitatearen gainean dauden estereotipoak desegin eta zahartzaroan sexualitate osasuntsu batez gozatzeko baliabideak eman.
Hitzaldia parte hartzailea izan dadin eta eztabaida bultzatzea nahi dute antolatzaileek. Hasteko plazeraz eta desioaz arituko dira. Zahartzaroan sexualitateak eta afektibitateak daukaten garrantziari azpimarra egingo diote eta adinekoen sexualitatearen gainean dauden mito eta estereotipo desegokiak baztertu nahi dituzte; jarduera sexuala desagertzen denaren mitoa, alegia.
Eremu sexualean komunikazioak duen garrantzia nabarmenduko du Camiok, hau da, bikotekideari desioak eta beldurrak adierazteak duen garrantziaz arituko da.
Gorputza zaindu
Ez ditu, halere, zahartzaroak sexualitatearen esparruan dakartzan aldaketak saihestuko eta zeintzuk diren aletuko ditu, baita aldaketa horiei aurre egiteko bideak erakutsi ere.
Nork bere buruaren zaintzaren garrantziari ere erreparatuko dio eta gorputza zaintzeak dakartzan onurak xehatuko ditu.
Sexu harremanak gehienetan koitoarekin lotzen badira ere, koitoaren alternatibetaz ere mintzatuko da Camio; izan ere, sexu harreman motak asko direla eta aldaketak ez duela derrigor jarduera sexualaren amaiera eragiten azpimarratuko du.
Bidenabar, Silvia Camiok adineko pertsonek sexualitatearen alorrean dauzkaten eskubideei buruz arituko da.
Biharko hitzaldian azalpen teorikoak egongo badira ere, eztabaidaren eta parte hartzearen bitartez jardunaldia aberastuko dela uste dute eta gaiarekiko interesa duten adineko legazpiar guztiak gonbidatu nahi dituzte.