Fumut, Lazkaoko girotik musika agertoki zabalera
Sei urteko bidea borobilduz, Fumut musika taldeak izen bereko diskoa argitaratu du. Lehenengoa da, baina sorkuntza propioko bilduma aipagarria ondu dute. Rock-and-rolla dute edari, Lazkaoko iturrikoa.
Fumut hitzak izorratuta esan nahi du, katalanez. Lazkaon indarrean den musika talde batek ere adberbio hori hartu du deituratzat. Baina izorratuta daukan bakarra izenaren esanahia da; gainontzean, musika freskoa, rock-and-roll naturala egiteko makinaria matxurarik gabe dauka. Lehenengo diskoa argitaratu dute, orain.
Xabier Bergara (ahotsa), Igor Lekuona (gitarra), Ager Egurbide (baxua) eta Imanol Salaberria (bateria) dira Fumut. Hiru laz-kaotar, eta ordiziar bat (Lekuona). Talde gehienak bezala, kuadrillatik erne zen proiektua: «Lagun talde bat elkartu ginen, musika asko gustatzen zitzaigunak. Rock-and-rolla gehienbat, eta 1970eko hamarkadakoa batik bat. Baina denetik jotzen dugu, ez gara estilo bakar bat entzutera mugatzen eta. Baina laurok elkartzen garenean hori ateratzen zaigu», dio Lekuonak.
Hitz katalanaren hotsaz gain, Dut talde hondarribiarraren soinua ere badu Fumutek: «Dut taldearen abesti baten izena da. Talde hori ikaragarri maite izan dugu, gaztaroan», aitortu dute musikariek.
Eta atera zaiena aipagarria da. Binaural agerkari digitalak, adibidez, «Lazkaoko ekaitz musikal» gisa definitu ditu. Urte batzu-batzuk badaramaten arren —2010ean hasi ziren—, lehenengo diskoa irailean atera dute.
«Orain dela bi urte erabaki genuen abesti propioak egitea. Horrela atera da diskoa». Taldearen izena jarri diote lehenari: Fumut.
Bonberenean, ‘Txapi’-rekin
Zortzi abesti ditu Fumut diskoak. Tolosako Bonberenea Studion grabatu dute, Karlos Osinaga Txapi teknikariarekin. «Erdi entxufe batekin joan gara harengana, lazkaotar musikarien bidez. Oso motibatuta aritu da», diote, Txapiri buruz.
Izan ere, ez da ongarritu gabeko lurrean sortu Fumut. Laz-kaon rock talde harrobi agortezina dagoela erakutsi dute. «Lazkaon badaude taldeak. Fist Fucking, Brigada Criminal… atera ziren, eta horiek animatu gintuzten diskoa grabatzera».
Ez dute zigilurik edo diskoetxerik atzetik, autoedizioaren bidetik altxatu dutelako burua. Hala, kontzertuak lotzen ari dira orain. Azarorako badituzte saio batzuk, baina ez dute oraindik non eta noiz baieztatu. Hala eta guztiz, Goierriko musika-agertokietan ezagunak dira, lehendik.
«Kontzertuak ematen diskoa atera aurretik hasi ginen. Ez da hori prozesu naturala. Lehenengo diskoa argitaratu ohi da, aurkeztu, eta hor sartu ohi dira kontzertuak. Gu aurretik hasi ginen. Diskoaren aurkezpena elkarrizketa bidez-eta ari gara egiten».
Biniloan ere bai
Bertsioak joz hasi zen talde gordin hura, Goierriko musika panoraman sortzaile esanguratsuenetako izatera iritsi da, gaur-gaurkoz. «Solfeorik gabe hasi ginen jotzen. Saiakera egin genuen bertsioak jotzeko, eta oso ondo atera zenez, gustatu zitzaigun. Inprobisatzea ere asko gustatzen zaigu, ordu asko pasatu ditugu».
Fumut diskoa euskarri askotan eros daiteke: CDan (10 euro; Lazkao, Ordizia eta Beasaingo tabernetan), digitalki bilduma osoa (5 euro) edo abestiak solte (Bandcamp aplikazioarekin), eta baita biniloan ere (12 euro).













