Mutiloako Lurpe zabortegira zaborra eramateko "publiko egindako mehatxuari aurre egin" nahi diete. Birziklapena eta gaikako sailkapena bultzatu nahi dute.
Mutiloako udaletxeko ganbara txiki gelditu zen atzo iluntzean. Cespa SA enpresak Mutiloan duen zabortegira hiru urtean 306.000 tona hondakin botatzeko egitasmoak kezkatuta, 100 goierritar inguru elkartu ziren, astebeteko tartean izan den bigarren herri batzarrean. Bertan bildutakoek helburu bat zuten: «Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak udalerri horretako lurretan kokaturik dagoen Cespa S.A. enpresaren Lurpe hondakindegira zaborra eramateko publiko egindako mehatxuari aurre egitea eta birziklapena eta gaikako sailkapena bultzatzea».
Gaiaren inguruko informazioa ematearekin batera, herri plataforma bat sortzea erabaki zuten bertan. Goierri BirZirik jarri diote taldeari izena, eta eskualde mailako plataforma izatea nahi du.
Sortu berria den plataformak «Goierri bizirik» dagoela eta ez duela «eskualde kanpotik etor litezkeen zabor kutsakorrik» nahi aldarrikatuko du.
Horrekin batera, birziklatzearen eta gaikako sailkapenaren aldeko apustua ere egiten du plataformak: «Birziklapena eta gaikako sailkapena da zabortegietara doazen hondakin kopurua murrizteko gakoa». Era horretan, «zentzugabekoa da gutxiago birziklatzen duten eskualdetako zaborra Goierrira ekartzea».
Bi helburu horiek lantzeko «herritarrak eta erakundeak zirikatzeko tresna» izan nahi du plataformak, eta «elkarlana eskainiko» die.
Egutegia antolatzen
Hurrengo asteetarako ekintzen egutegia antolatzeko beharra ikusi zuten Mutiloan bildutakoek. Era horretan, plataforman parte hartzearekin batera, «antolatuko diren ekintzei jarraipena egitea eta babestea» eskatu diete goierritarrei.