Puntako txirrindulariak bilduko ditu Legazpiko Ziklo-Krosak Urtatzan
Azaroaren 1ean egingo dute. Emakumezkoek zein gizonezkoek parte hartuko dute. Txosna irekiko dute eta errifak salgai ipini dituzte jada hainbat tabernatan
Azaroaren 1ean, asteartearekin, egingo dute aurtengo Legazpiko Ziklo-Kros txapelketa. Iazkoan Euskal Herriko Txapelketarekin bat egin zuen; aurtengoan ez da hala izango, Euskal Herrikoa Muskizen (Bizkaia) izango baita. Juan Luis Ormazabal Telleriarteko Txirrindulari elkarteko kideak adierazi duenez, «oraingoa challengea izango da, saiatu gara Espainiako Kopan sartzen eta hango txapelketa ekartzen, baina ez dugu erantzunik jaso». Edonola ere, punta-puntan ari diren txirrindulariek parte hartuko dute, hala emakumezkoak nola gizonezkoak.
Lasterketa maila ezberdinetan jokatuko da 09:45ean hasita. Hasteko, masters mailako txirrindulariak arituko dira, ondoren emakumezko nahiz gizonezko kadeteak (10:45), jarraian junior mailakoak eta elite zein junior mailako andrazkoak (11:30) eta amaitzeko, elite eta 23 urte azpiko txirrindulariak (12:30).
Ormazabalek azpimarra egin dio emakumezkoen parte hartzeari: «Esan ohi da ez dutela andrazko askok parte hartzen, gurera puntan dabiltzan emakumezkoak etorriko dira». Izenak ere aurreratu ditu: Olatz Odriozola, Lierni Lekuona, Eider Merino eta Saioa Gil, besteak beste. Gizonezkoetan Aitor Hernandez, Javier Ruiz de Larrinaga eta Asier Arregi. Legazpiarrak ere aipatu ditu: Aitor Zabaleta; Mikel Mujika zein Ander Ibarguren. Telleriarteko Txirrindulari elkarteko kideek eskerrak eman nahi dizkiete antolaketa lanetan laguntza eman dieten Muela sendiari, tiro-zelaiko lagunei, Zabaleta familiari, Iparragirre eraikuntza enpresakoei eta Legazpiko Udalari, besteak beste. Lasterketaren egunean txosna bat irekiko dute eta salda beroa nahiz mokadutxoak salduko dituzte. Bertan errifak ere egongo dira salgai; Legazpiko zenbait tabernatan salgai daude honezkero.220 txirrindulari
Telleriarteko Txirrindulari Elkateak aurreikusten duen parte hartzaile kopurua da. Andrazkoen parte hartzea 20 txirrindulariren bueltan egongo da.












