Arcelorrek hobekuntzak eskaini dizkie Asturiasera joango direnei
Arcelorreko zuzendaritzak hobekuntzak eskaini dizkie Asturiasera joateko asmoa duten 85 langileei. Langileek enpresa epaitegietara eraman behar zuten beraien lan baldintzak aldatzeagatik, baina epaiketa baino egun bat lehenago biltzea adostu zuten.
Arcelorreko zuzendaritzak hobekuntzak eskaini dizkie Asturiasera joateko asmoa duten 85 langileei. Langileek enpresa epaitegietara eraman behar zuten beraien lan baldintzak aldatzeagatik, baina epaiketa baino egun bat lehenago biltzea adostu zuten.
Enpresak jakinarazi duenez, etxebizitza aldatzeagatik eskaini zuen indemnizazioa hobetu du eta soldatak igo ditu. Lehen bi urteetan Zumarragan kobratzen zuten soldata bera kobratuko dute.
Bestalde, langileek sei hilabete pasa baino lehen iritziz aldatu eta enpresa uztea erabakitzen badute, indemnizazioa kobratuko dute. Orain arte epe hori hiru hilabetekoa zen. Bestalde, indemnizazioa lan egindako urte bakoitzeko 30 egunekoa izango da. Orain arte, enpresak 20 egunekoa eskaini die eta enpresa uztea erabaki zutenek ere indemnizazio hori jaso dute.
CCOOk 30 eguneko indemnizazioa berandu heldu dela dio. “Duela lau hilabete eskatu genuen eta ez ziguten eman”. Beraien ustez, lehenago eman izan baliete, enpresa utzi zuten 209 lagunetako asko Asturiasera joango ziren. Sindikatuaren ustez, berriro ere langileek enpresa uztea da Arcelorren helburua.
Sindikatuetako ordezkariak Asturiasera joango diren langileekin elkartuko dira bihar, enpresaren azken eskaintzaz hitz egiteko. Enpresa eta langile batzordea azaroaren 7an elkartuko dira berriro. Bestalde, Asturiasera joan behar diren langileak mediku azterketak egiten ari dira jada.