Bihar emango diete hasiera Legorretako Gazte Festen XVIII. edizioari
Ostiralean hasiko dira Legorretan XVIII. Gazte Festak Izan, egin eta eragin lelopean. Aurten gainera, momentu berezian datoz Gazte Festak; parrandarako tarteaz gain, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea ere ireki nahi dute eta. Legorretako Gazte Asanbladako kideek «gaztetxearen kudeaketa osoa gure gain hartzeko momentua» dela uste dute. Orain arte, gaztetxeak udalaren laguntza jaso izan du eta «autogestioruntz» salto egin nahi dute. Hori da hain zuzen, Izan, egin eta eragin aurtengo leloa aukeratzeko arrazoia.
Egitarau zabala
Gure kabuz ala hil dokumentalarekin emango diete hasiera Gazte Festei, herriko plazako karpan 16:00etan. Ondoren mahai-ingurua egingo dute autogestioaren gaiaz hausnartzeko.
Egun handia larunbata izango da. 14:00etan txupinazoa bota eta bazkaria egingo dute. Arratsaldean, Asanbladako kideen arteko desafioa izango da, eta Elektrofluxa elektrotxarangaren emanaldia ondoren. Iluntzean Bide Bakarra, Bolbora eta Rock Kam Broom taldeek kontzertua egingo dute.
Igandean, poker txapelketa hasiko da 17:00etan eta Diaz: no limpies esta sangre filma botako dute 22:00etan. Astelehena da azken eguna, eta mahai-ingurua egingo dute 11:30ean. 18:00etan txapelpintxopoteoa egingo dute herrian zehar. Afariaren ondoren, Altxa Gudari eta Guri5 taldeen kontzertua izango da.