Musika aroa da azaroa Legazpin eta azaroaren 1arekin ekingo diote aurtengo Azaroan Musika ekitaldiari. Bilboko Katedraleko Musika Kaperak eskainiko du aurtengo egitarauaren lehenengo kontzertua parrokian, 20:00etan. Kontzertua Santikutz abesbatzak sustatu du.
Bilboko Katedraleko Musika Kapera ahots eta instrumentu talde bat da. Taldekide guztiek eskarmentu handia dute abesbatzen nahiz orkestren esparruan. Taldeak polifonian eta oratorio klasikoen hobekuntza lantzen ditu. XIX. mendeko musikagileen nahiz egungo egileen lanak interpretatzen dituzte. Datorren asteartean, parrokian, Aita Donosti, Sorozabal, nahiz Fauréren lanak joko dituzte, besteak beste.