Produkzioko azpikontratazioaren aurka eta enpleguaren alde egingo dituzte mobilizazioak. Altzairutegia 2017ko urtarrilaren 1ean ez ixteko akordioa lortu dute.
Beasaingo eta Irungo CAFeko enpresa batzordeek deituta batzarrak egin dituzte gaur CAFeko langileek. Bi gai zituzten zerrendan: Beasaingo zentroko altzairutegiaren egoerari buruzko informazioa ematea eta enpleguaren aldeko eta produkzioko azpikontratazioa handitzearen aurkako mobilizazioen proposamena egitea.
CAFeko enpresa batzordeak igorritako oharrak dioenez, altzairutegiaren gaian, akordioa lortu dute zuzendaritzarekin: “Sekzio horretako jarduera eteteko 2017ko urtarrilaren 1eko data kentzeko akordioa lortu dugu”. Era horretan, CAFeko zuzendaritzak altzairutegiak dituen arazoak aztertzeko “aldez aurretiko baldintzarik gabeko elkarrizketarako gunea irekitzeko konpromisoa hartu du bere gain”.
Azpikontratazioen aurka
Bigarren puntuari dagokionez, bestetik, “datozen urteotarako aurrez ikusitako lan kargak leheneratu ondoren, langileen eta enplegatuen kolektiboan enpleguaz hitz egitea presazkoa dela salatu” dute. Horrekin lotuta, “zuzendaritzak ahal duen guztia azpikontratzeko dituen asmoak hasiera-hasieratik geldiarazi beharko” liratekeela uste dute.
Enpresa batzordearen esanetan, “zuzendaritzak azpikontratazioaren aldeko apustua egin du karga igoerari aurre egiteko formula gisa. Ondorioz, CAFek instalazioetan modu iraunkorrean lan egiten duten kanpoko enpresen presentzia areagotu egin da eta erretiroa hartu duten langileak azpikontratatekin ordezkatu dituzte kasu batzuetan”.
Sail guztietan langileak falta direla diote: “Jende gehiago falta da eta beharrak areagotu egingo dira bezeroen eskakizunekin eta kargekin”. Azkenaldian hamarnaka tituladun kontratatu dituztela eta tituladun gehiago kontratzeko hautatze prozesuak egiten ari diren bezala, “tailerreko langileen kontrataziorik ez da ikusten eta esan ditugunaren arabera, ez dago tailerreko langileak edo enplegatuak kontratatzeko aurreikuspenik”.
Era berean, Errelebo kontratua “tituludunekin bakarrik” egiten dutela salatu dute: “Irailean eskatu dugu hurrengo bi urteotan Beasainen eta Irunen erretiroa hartuko duten kolektibo horietako 79 pertsonak ordezkatu ahal izateko tailerreko langileak kontratatzen hasteko, baina eskaera horren inguruko erantzunik ez dugu oraindik jaso”.
Mobilizazioak
Era horretan, “baldintza ezegonkorragoak biltzen dituen azpikontratatzea geldiarazi ahal izatteko, zuzendaritza kontratzen hastera behartzeko borroka” egingo dute CAFeko langileek, eta zuzendaritzari ondorengo mezua luzatu nahi die: “Ekarri lana Beasainera eta kontratatu jende gehiago”. Azken batean, zuzendaritzari eskatzen diete, “tailerreko langileak eta enplegatuak kontratatzen has dadila nolabait kargen igoera estali eta, era berean, 2017 eta 2018 urteetan aplikatu beharreko errelebo-kontratuak dagozkion datetan egingo direla bermatu ahal izateko, tailerreko langileak kontratazioekin ordezkatuta”.
Langileen batzarretan egindako bozketaren arabera, azaroaren 3an, 8an eta 10ean bi orduko lanuzteak egingo dituzte CAFen.