Ordiziako Udalak herritarrak euskaraz erostera bultzatu nahi ditu egitasmo horrekin .Euskaraz erosten duenak, 100 euroko lau erosketa-txartelen zozketan parte har dezake
Ordiziako Udaleko Euskara sailak, merkataritzan euskararen erabilpena sustatzeko egitasmoaren barruan, postua jarri zuen atzo azokan eta Euskaraz bizi, euskaraz erosi leloarekin sortu diren poltsak banatu zituzten, bezeroak euskaraz erostera animatzeko. Ordiziako Udalak Elhuyar Aholkularitza Zerbitzuarekin eta Ordizian merkatari elkartearekin batera martxan jarri duen egitasmoa da.
Merkataritzan euskara sustatzeko jarduera ugari egin dira Ordizian eta atzo, azokan egindakoarekin itxiko da zikloa. Aitzol Azpiroz udaletxeko euskara teknikariak azaldu duenez, Euskaraz bizi, euskaraz erosi leloarekin 500 poltsa banatu ziren atzo. Horretaz gain, kartelak jarri eta bezeroen artean esku orriak banatu dituzte. Esku orri horietan dagoen galdetegia beteta, 100 euroko lau erosketa txartelen zozketan parte hartzeko aukera dago. Aldi berean, udalak lehen hitza euskaraz egitea eta errotulazioa euskaraz jartzea proposatu die azokako saltzaileei.
Euskararen egoera
Apirilean, euskararen egoera eta erabilera aztertu zuten Ordiziako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan. Galdetegi bat banatu zitzaien 226 establezimenduri. Galdetegietatik jasotako datuek emaitza gazi-gozoak eman zituzten: langileen ge-
hiengoa euskalduna den arren, egunerokoan, erabilera asko murrizten zela ikusi zen.
Ondorioak aztertuta, udaleko Euskara sailak euskara jakitetik, euskaraz bizitzera bultzatu nahi izan zituen herritarrak. Horren harira, bezeroen artean ere gogoeta bultzatzeko inkesta bat utzi zuten maiatzean herriko denda, taberna eta jatetxeetan.
Udalak euskara gehien zaintzen duten establezimenduei aitortza ekitaldia egin zien aurrerago, ekainean, udalerrian, euskararen alde lan nabarmena egiten duten horiek zoriontzeko asmoz. Ekitaldi hartan, euskararen erabilerari buruzko azterketaren datu nagusiak ere agertu zituzten. Ezagutzera emandako datuen arabera, saltokietako arduradunen %89 ondo moldatzen dira euskaraz, edo elkarrizketak euskaraz mantentzeko gai da. Ahozko erabileran, bestalde, harreman guztien %68 izaten dira euskaraz edo elebitan, eta udalarekin izaten diren harremanetan erabiltzen da gehien euskara. Langileen %69k euskaraz egiten dute lehenengo hitza baina ondorengo elkarrizketan aldaketa nabarmena da, izan ere, %45era jaisten da datua.