Keinu txiki baten balioa
‘Kaleatzegizaleak’ kanpaina martxan jarri du Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen bizimodua errazten duten keinu txikiak balioan jartzeko. Bi legazpiar dira kanpainaren protagonistak: Laura ...
‘Kaleatzegizaleak’ kanpaina martxan jarri du Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen bizimodua errazten duten keinu txikiak balioan jartzeko. Bi legazpiar dira kanpainaren protagonistak: Laura Paredes eta Coro Paternain.
Kalean ikusitakoan agurtzea, irri egitea, hitz ematea, bizimoduaz galdetzea… keinu txikiak dira denak, baina balio handikoak. Batez ere, adimen desgaitasuna duen jendearentzat. Keinu horiek errazagoa egiten dute haien eguneroko bizimodua. Keinu horien balioaz jabetzeko, sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak. Atzegik bi egoitza ditu Goierrin: bata Legazpin eta bestea Beasainen.
Kanpainaren leloa Kaleatzegizaleak da. Kaleko jendeari Atzegizale izatearen garrantzia erakutsi nahi dio kanpainak. Baina, zer da Atzegizale izatea? Bada, adimen desgaitasuna duen jendearen izaera eta erritmoa onartzea, eta keinu txikien bidez haien bizimodua erraztea.
Bestalde, Atzegizale diren horien jarrera eskertu nahi da kanpainaren bidez. Horretarako, Atzegiko kideek argazkiak aterako dituzte bizimodua errazten dieten Atzegizale horiekin, eta argazkiak sarera igoko dituzte #Kaleatzegizale traolarekin. Twitteren, Facebooken edota Instagramen argitara daitezke argazkiak. Wathsapp mezu bidez ere bidal daitezke, 609 703 706 zenbakira. Gero, atzegi.org/kaleatzegizale webgunean ikusi ahal izango dira denak. Horrez gain, 8.000 kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan.
Legazpiko protagonistak
Kartelez gain, bi bideo ere zabaldu ditu Atzegik sarean, eta bideo bateko protagonistak legazpiarrak dira. Hain zuzen ere, Laura Paredes Atzegiko kidea eta Coro Paternain ileapaintzailea ageri dira bideoan, baita kanpainako kartel batean ere.
Bideoak bi zati ditu, eta bakoitzean egoera bat ageri da. Lehenengo zatian, Paredes ileapaindegira joaten da ilea moztera. Paternainek ez dio laguntzen bata janzten, eta ilea moztu bitartean serio-serio dago. Bigarren zatian, berriz, egoera bera da, baina oraingoan ileapaintzaileak bata janzten laguntzen dio bezeroari. Bere lana egin bitartean, bestalde, irribarretsu dago eta hitz ematen dio Paredesi.
Bigarren zatian, Paredes askoz gusturago ateratzen da ileapaindegitik. Bi egoera horiek alderatuz, jarrera Atzegizalea izatea zer den eta keinu txikiek nolako garrantzia duten erakutsi nahi da.