Santu Guztien egunaren aurreko feriaren seinale izan dira loreak eta landareak; hilerriak aukera aparta izan du. Mikologia atala ere aberatsa izan da, lehen pardila edo pagozizekin.
Urriko azken asteazkenak ohiko marka erakutsi du, lore postuak jarri ohi dutena hain zuzen ere. Maria Dolores Mendizabal aramarrak urte asko daramatza loregintzan eta aldaketak aldaketa, urtero esku bete lan izaten du garai honetan. Hauxe esan digu jai horren inguruan: «Elizako jaia bada ere, ez da fede kontua bakarrik. Errotutako ohitura da, kanposantura itzuli bat emanez gureen txokoak apaintzea. Eta bada joango ez bada ere, loreak jartzeko enkargua egiten diguna». Lore motei dagokienez ere, bilakaera nabarmena izan da: «Lehen etxean izaten ziren loreak eramaten ziren, eta krisantemoa izaten zen nagusi; orain, berriz, erosi egiten da eta aukera oso zabala dugu».
Hala, bai lore moztuekin (33 eta 105 euro artean) edota biziekin (25 eta 45 euro artean) prestatutako zentro dotoreak aurkeztu dituzte lore saltzaileek. Lore solteak ere eros daitezke: krabelin dozena 16 euroan, gladiolo bakoitza 3 euroan, Liliuma 4 euroan edo larrosa, 5 euroan. Eta lore bizia: pentsamentua eta biola 1-1,10 euro bakoitza, ziklamena 3-6,5 euro, azalea 6-8,5 euro… Egunean bertan hartzeko edo enkargatua uzteko aprobetxatu zuten bezero askok atzoko feria.
Mikologia atalean ezagunenak ditugun onddo, gibelurdin, zizahori eta esnegorri edo nikaloaz gain, atzo pardilla edo pago-ziza ere aukeran zen Lasaren postuan. «Jateko ohitura duten lekuetan aski preziatua den arren, pertsona batzuei kalte egiten die» Lepista Nebularis honek, Berriako Euskal Herriko onddoen gidak dioenez. Sal-erosteko helburuarekin baino, erakusteko ekarria da bereziki.
Euskaraz bizi eta erosi
Udalak martxan duen merkataritzan euskara sustatzeko kanpainak Euskaraz bizi, euskaraz erosi leloa darama, eta atzoko ferian bere lekukotza izan du. Aitzol Azpiroz euskara teknikariaren ardurapean izan zen informazioa eta material banaketa atzo goizean udaletxe aurrean propio jarritako mahaian. Herritarrek euskaraz erostea bultzatzeko erosketa-poltsak oparitu, eta banatzen ari zen esku-orriko galdetegia bete eta 100 euroko lau erosketa txartelen zozketan parte hartzeko aukeraren berri ematen zuen Aitzolek.