‘OlaBerria’ aldizkaria sortu dute Olaberriko eskolan .Haurrek, irakasleek eta gurasoek gidatuta, herri guztiak parte har dezake .Lehenengo zenbakia irailean atera ondoren, abenduan dator 2.a
Egin dioten harrerarekin gustura dira OlaBerria Olaberriko aldizkariaren sustatzaileak. Irailean ikusi zuen argia ‘0’ zenbakiak, eta abenduan, Gabon aurretxoan aterako dute bigarrena (1. zenbakia izango du).
Olaberriko eskolatik sortu zen ideia, eta buru-belarri murgildu da komunitate osoa. «Umeak bigarren aldizkaria egiteko gogo handiarekin daude. Antolatzen ari dira, zer idatzi, zertan parte hartu…», dio eskolako zuzendari Miren Goikoetxeak.
Kuttun guraso elkarteak eta Olaberriko Udalak ere parte hartu dute. «Asmo bikoitza du OlaBerria-k. Batetik, euskarazko prentsa idatzia izatea, herrikoa. Bestetik, eskola ikusaraztea ere bai, eskolan zer egiten den erakutsi eta herritarrak hara hurbildu daitezen», dio Ainara Urteaga Kultura teknikariak.
Komunikazio funtzioa
Hedabide baten oinarrizko zeregina ere sortzetik beretik hasi da betetzen: komunikatzea. Olaberrian hutsune bat nabaritu dute. «Gauza asko antolatzen dira herrian, baina elkarren berri ez geneukala konturatu gara. Udalak ez daki eskola zertan ari den, eta alderantziz ere ez. Komunikatzeko bilgunea falta zen, eta horretara dator», dio Urteagak. Dagoeneko «lortu» duela gaineratu du guraso elkartearen lehendakari Larraitz Arratibelek.
Aldizkaria idazteko kolaboratzaileak aurkitzea sustatzaileen lana da. Herriko edonork idatz edo parte har dezake. Aldizkariak euskara du ardatz eta dena dago euskaraz, baina gaztelaniaz ere badira zati batzuk. «Hizkuntza adituei galdetuta, hala egitea aholkatu digute. Helburua herri guztira iristea da, eta Ihurren-eta erdaldunak badira. Hartara, erdaraz hitz egiten dutenek ere idatz dezakete», dio Arratibelek.
Itsasondo 2.0 herri aldizkaria hartu dute eredutzat. Olaberriko Udalak ekonomikoki lagunduko du OlaBerria, inprenta gastuak bere gain hartuta. Urtean bi zenbaki aterako dituzte, ekainean eta abenduan.