Idiazabal, gaztaren eta transhumantziaren hiriburu
Izenez eta izanez, Idiazabalek toki berezia du artzain gaztaren historian; bihar ere gaztagintzaren eta transhumantziaren hiriburua izango da, Euskal Herriko Artzain Gaztaren Txapelketarekin.
Artzai gaztak eta Idiazabal herriaren izenak berezkoa dute lotura eta harremana. Izenaz harago ordea, izana ere baduela erakusten dute urtez urte. Bihar, Euskal Herriko Artzai Gaztaren 33. txapelketa egingo dute bertan. Lehiaketaz gain, festa giroko eguna izango da, eta artzaintzari eta transhumantziari bere tokia egiteko, artalde baten bisita ere izango dute.
Euskal Herriko Gazta Lehiaketan 40 gaztagile ariko dira lehian. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetako lehiaketetan lehen hamar postuak lortutako gaztagileak sailkatzen dira final horretarako. Gipuzkoako sailkatuak, Legazpiko Artzain Egunean jokatzen den Gazta Txapelketan erabaki ziren, irailaren lehenengo igandean, Bizkaiakoak, Axpekoan, Arabakoak Agurainen eta Nafarroakoak, Uharte-Arakilen.
Gipuzkoarren artean, Goierriko bost gaztagile izango dira finalisten artean: Olaberriko Aizpea, aurten Legazpin lehenengo saria eraman zuena, Joseba Intsausti ordiziarra, Ordiziako 2016ko Euskal Jaietako irabazlea, Legazpiko Pedro Gabiria, Gabiriako Baztarrika eta Ataungo Troskaeta.
Txapelketa horretan parte hartzeko ezinbesteko baldintza da Artzai Gazta elkarteko bazkide izatea. Aurkezten dituzten gaztak, gainera, ardien esne gordinez egindakoak eta bi hilabetez onduak izan beharko dira. Epaimahaiak hiru gaztarik onenak sarituko ditu eta, horiez gain, publikoak sari berezi bat emango du, salmenta postuetan dastatu dituen gazten artean onenena nabarmenduz.
Idiazabalek laugarren aldiz hartuko du Euskal Herriko Gazta Txapelketa, aurreko 29 edizioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan jokatu izan baitira txandaka. Artzai Gazta elkarteak Idiazabalen du egoitza, eta orain hiru urte txapelketa Idiazabalen finkatzeko erabakia hartu zuen. Artzai Gazta lau herrialdetako 116 gaztagilek osatzen dute.
Artaldea kaleanBiharko egunaren berezitasunetako bat Aizpea gaztandegiko Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga artzainen artaldearen bisita izango da. Atzo jaitsi ziren Urbiatik Urtsuaranera, eta bihar eguerdian, Idiazabalgo herrigunea zeharkatuko dute 500 bat buruko artaldearekin.
Hain zuzen ere, Etxezarretak Urbiatik Bizkaiko Uribe kostara egindako transhumantzaia bidaia jasotzen duen Akabuko martxea dokumentala eskainiko dute gaur gauean, Idiazabalgo Guraso Elkartearen aretoan, 21:30etik aurrera.
EGITARAUAOstirala, 28· 21:30. ‘Akabuko Martxea’ dokumentalaren aurkezpena, Guraso Elkartearen Aretoan. Fredi Paia eta Aitor Gisasola egileak eta protagonistak joango dira.
Larunbata, 29· 10:00. Postuen irekiera. Artzain Gaztako produktuen salmenta; gazta, ogia, sagardoa, txakolina, ardoa, basatxerria, eztia, artilea…
· 10:30. Lehiaketarako gaztak jasotzen hasiko dira.
· 11:30-13:00. Gazta txapelketako epaimahaia lanean arituko da.
· 11:30. Haurrentzako tailerrak.
· 12:00. Aizpea gaztandegiko artaldea herriko kale nagusitik pasako da.
· 13:30. Gazta txapelketako sari banaketa egingo da.
· 13:45. Goierriko Kantuzaleen saioa herriko plazan, sari banaketari amaiera emateko.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.