Aldiri eta Amalur Libre festa ospatzen ari dira
Aldiri eta Amalur Libre taldeak festa antolatu du gaurko. Eguerdian prentsaurrekoa eman dute Amalurren kanpoaldean. 2015eko ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak 100 elkarte eta herriko tabernen konfiskazioa agindu zuela gogoratu dute.
Aldiri eta Amalur Libre taldeak festa antolatu du gaurko. Eguerdian prentsaurrekoa eman dute Amalurren kanpoaldean. 2015eko ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak 100 elkarte eta herriko tabernen konfiskazioa agindu zuela gogoratu dute. Horien artean Amalur eta Aldiri daude. “Europan inoiz parekorik izan ez duen eskandalu juridiko eta politikoa” dela esan dute. “Premisa faltsu edo gezurretan oinarrituta, epaiaren helburua zilegi den ekinbide politiko eta soziokulturala oztopatzea ziren, bakearen etsaien helburuak hain zuzen. Gune hauen lapurretan gerra altxor gisara soilik uler daitek. Izan ere, 1936ko Estatu kolpe frankistaz geroztik, hau da egoitza politikoen kontra Estatuan inoiz izan den espoliaziorik handiena”.
Azken urte betean Amalur eta Aldiri elkarteek, aurreko 25 urteetan bezala, herriei arnasa ematen jarraitu dutela gogoratu dute. “Mende laurdena baino gehiago bilgune bezala sortu, eraiki, negar eta irri egin, disfrutatu, amestu, hitz egin, tripa bete, eztabaidatu, ezagutu, lan egiteko gunea izan dira. Euskarak, feminismoak, elkartasunak, kulturak, ekologismoak edo eskubide sozialek espazio komunak eta ate irekiak topatu dituzte gurean eta azken urte honetan itxieraren mehatxua gainean izan arren, hala izaten jarraitu du”.
Erabakia, bidegabeaz gain, ankerra dela esan dute. Izan ere, “itxiera edozein egunetan eman daiteke eta horrek buru gainean duten ezpataren zama gogoratzen digu”. Ezin dute elkartean mantenu lanik egin, lokala ustetan ez baita beraiena. Gainera, fiskalak enbargu berriak agindu ditu. Prozesuaren hasieran ez zeuden ondasunen enbargua. Epaitegi Konstituzionalean aurkeztutako errekurtsoa tramitera onartuko duten edo ez zain daude. Ez dute Espainiako epaitegietatik ezer onik espero, baina horrek sententzia Europako epaitegien aurrean errekurritzea ahalbideratuko die. Prozesua asko luza daiteke eta epaia berainduegi iritsi daiteke lokal askorentzat.
Egoera “bidegabe” hau salatzeko egin daitekeen onena festa bat antolatzea dela uste dute. Horregatik antolatu dute gaurko Libre Eguna. “Elkarteen indarrezko ebaspena Urretxu eta Zumarragako herriei egiten zaien lapurreta da. Ehunka lagun erreferentziazko gunerik gabe utzi nahi gaituzte, baina erratuta dabiltza. Badakite herri libre eta justuago bat lortzeko ametsari oztopoak jarri diezazkiotela, baina ezin zaiola inolaz ere mugarik jarri”.
Triki-poteoa egiten ari dira eta 14:30ean bazkaria egingo dute Areizaga-Kalebarrenen. Ondoren, rantxerak eta trikitixa egongo dira. 20:00etan Petti musikari nafarrak kontzertua emango du.